Haurrek familiaren barruan jasotako sexu-abusuen inguruan sekretismo handia dago, eta horretaz hitz egitea tabua da. Hori dela eta, isiltasuna apurtzea eta biktimek beren esperientzia hain traumatikoak kontatzea oso zaila da. Baina, Frantzian, 2021eko urtarrilaren erdialdean, gaiaren inguruko isiltasuna hautsi zen, zehazki, #MeTooInceste traolarekin milaka testigantzak haurtzaroan intzestuaren biktima izan zirela salatu zutenean.

Camille Kouchnerrek (2021) idatzitako “La Familia Grande” liburuan oinarrituta sortu zen guztia. Bere aitaordeari, Olivier Duhameli, leporatzen dio semeordeari, 14 urte baino ez zituen Camilleren anaiari, sexu-abusuak egin izana. Duhamel kasuak eragindako tsunamiaren ondorioz, Nous Toutes elkarte feministak #MeTooInceste kanpaina aktibatu zuen sare sozialetan.

The breaking of secrecy: Analysis of the hashtag #MeTooInceste regarding testimonies of sexual incest abuse in childhood ikerketak Twitterreko #MeTooIncest traolaren inguruko diskurtsoa aztertzen du, istoriorik larrienak nola azaldu diren eta sare sozialetan nolako eztabaidak egon diren ulertzeko. Ikerketaren emaitzek mugimendu horrek izandako garrantzia nabarmentzen dute, biktimak maila pertsonalean sekretua ezagutaraztera animatzeko eta gizarte garaikidearen tabu handienetako bati buruz, hau da, intzestuaren abusuari buruz, publikoki hitz egiteko. 

Halaber, biktimek sare sozialetan beren esperientziak partekatzea inflexio-puntua izan zen; modu anonimoan bada ere, balio pertsonal eta sozial bikoitza du, isiltasuna indarkeria-mota horren funtsezko elementua baita bi eremu horietan. Sare sozialetan biktimek dibulgaziorako gune bat aurkitu zuten mugimendu horretan, non sinetsita eta babestuta sentitu ziren. Beraz, biktimei lehen pertsonan protagonismoa ematea, termino orokorretan edo estatistikoetan hitz egitetik harago, esan bezala, ahalduntze- eta enpatia-ekintza izan daiteke.

Nabarmendu behar da, #MeToo kanpainan edo abusuen biktimak kritikatzen ziren antzeko beste fenomeno batzuetan ez bezala, ez dela aurkitu erasotzaileak defendatuko dituen kontrako mugimendurik, ezta lehen klasean aipatutako erasotzaile ospetsuenak ere. Gizarte-mailan intzestuaren inguruko isiltasuna hausteak duen garrantziaz ere hitz egin du Twitterrek, indarkeria hori onartzen ez duen sistema sozial batek haurrak are babesgabeagoak izatea eragiten baitu.

Gainera, #MeTooInceste mugimenduak haurrak babesteko politika publikoetan aldaketak bultzatu zituen, eta, horren ondorioz, Frantzian lege-proiektu bat sortu da haurrak sexu-abusuetatik babesteko. 

Beraz, kanpaina hori aldaketa sozialerako lehen urratsa izan daiteke, baina abusuak jasan dituzten biktimen sufrimendua bideratzen ez bada, berriz ere biktimizatzeko arriskua dago. Horregatik, biktimekin lan egitean gogoratu behar da esperientzia traumatikoa kontatzeko erabakia haiena dela, eta, beraz, espazio seguru horiek biktimarekiko errespetuan oinarritu behar dira.

Egilea: Garazi Álvarez