Gizakiok garatu ditugun hainbat gaitasun harrigarriak dira. Beste pertsonen egoera subjektiboa zein den identifikatzeko eta interpretatzeko gaitasuna da txundigarrienetako bat. “Gogamenaren teoria” (“theory of mind”, “teoría de la mente”) deitzen zaio horri. Harreman sozial konplexuetan ondo moldatzeko aukera ematen digu gogamenaren teoriak gizakioi. Besteek pentsa dezaketena ulertzeari esker, gai gara erantzun egokiak emateko eta horrela harremanak mantentzeko. Trebezia horiek ahulagoak direnean, pertsonen eta taldeen arteko harremanak zailagoak izaten dira. 

Trebezia horren garapena zerk sustatzen duen identifikatze aldera, nabarmentzeko modukoa da punta-puntako Science aldizkarian David Coer Kidd eta Emanuele Castano ikertzaileek argitaratu zuten artikulua. Literatura irakurtzeak gogamenaren teorian zer eragin duen aztertu zuten. Emaitzek argi erakusten dute literatura irakurtzeak lagundu egiten duela gogamenaren teoria garatzen, hau da, inguratzen gaituen munduan gainerako pertsonek zer pentsatzen duten ezagutzen.

Gakoa ez da literatura irakurtzea bakarrik. Gakoa, literaturarik onena irakurtzea da. Beraz, ikerketa horren emaitzak bat datoz beste ikerketa askok garbi erakutsi dutenarekin. Baina, gainera, beste ikerketa horiek erakutsi dute gakoa ez dela soilik literatura jasoa irakurtzea. Horrez gain, irakurritakoa partekatzea ere funtsezkoa da. Irakurritakoari buruz hitz egiten denean, eta elkarrizketa berdinzalearen bitartez egiten denean, horrek sekulako eragin positiboa dauka.

Baten batek inoiz esan badizue, esate baterako, Shakespeare aspergarria dela edo garai zaharretako kontua dela, ziur egon pertsona horrek ez duela Shakespeare irakurri, edo ez duela ondo antzeztuta inoiz ikusi, edo, behintzat, ez duela hari buruz fundamentuz hitz egiteko aukerarik izan. Othello, Lear erregea, MacBeth, Hamlet, Romeo eta Julieta eta beste hainbat irakurri eta komentatu dituenak badaki zenbaterainoko gaurkotasuna duten lan horiek. Zenbat Othello, Iago, Desdemona eta MacBeth ote daude gure inguruan! Berdina gertatzen da literatura onenak eskaintzen dituen beste hamaika liburu eta pertsonaiekin.

Gizakiok, pixkanaka, sekulako aberastasuna metatu dugu. Ondare horretan, literatura onena altxorrik preziatuenetako bat da. Zorioneko garai batean bizi gara, badakigulako aberastasun hori jende guztiaren eskura nola jar dezakegun.

Egilea: Harkaitz Zubiri