Hezkuntza inklusiboa eta genero-berdintasuna hedatzen direnean, jende guztiarentzat da mesedegarria, baina are mesedegarriagoa da talde zaurgarrienentzat, zeren, horri esker, askoz aukera gehiago baitauzkate beren askatasuna eta autonomia garatzeko. Are gehiago emakume ijitoen kasuan, diskriminazio bikoitza sufritzen dutelako: ijitoak izateagatik eta emakumeak izateagatik sarritan pairatzen dute jazarpena eta bazterkeria. 

Baina oso aldaketa sakonak gertatzen ari dira, eta onerako izaten ari dira. Horixe aztertu zuen Deustuko Unibertsitateko Andrea Khalfaoui ikertzaileak. Familia bereko bost emakume ijitoren bizitza-ibilbidea ikertu zuen horretarako. Ijitoak hizpide izan dituztenean, ikerketek oso gutxitan  aztertu dituzte haien ikuspegiak eta ahotsak kontuan hartuta. Emakume ijitoak ikergai izan dituztenean, berriz, ijitoen eta ijito ez direnen arteko desberdintasunak identifikatzea izan dute helburu askok. Edonola ere, gogoratu beharra dago goi-mailako ikerketen artean bestelakoak ere badaudela, eta ez dira nolanahikoak. Workaló nabarmentzeko modukoa da. Elkarrizketa eta ikuspegi berdinzalea oinarri, eraldaketarako aukerak identifikatu zituen Workalók. Bide horretatik jo du Khalfaouik.

Elkarrizketatu zituen bost emakumeek familiaren garrantzia eta helduekiko errespetua azpimarratu zituzten. Funtsezkoak dira horiek ijitoen nortasunean. Ezaugarri horrek sendo irauten du. Aldiz, aldaketa handienetako bat emakume ijitoek lanarekiko duten ikuspegia da. Etxeari lotutako emakumearen irudia urteek aurrera egin ahala aldatzen ari da, eta, gero eta gehiago, enpleguaren munduan murgilduta dagoen emakumearen irudia gailentzen ari da. Elkarrizketatu batek horrela islatu zuen aldaketa: “Lehen, emakume ijitoak ez zuen lan egiten. Gaur egun, bai. Antzina, gaizki ikusia zegoen. Gaur egun, ez.” Etorkizunera begirako ikuspegian, hainbat dira emakume ijitoek begiz jota dauzkaten lanbideak, eta horien artean daude informatikariak, abokatuak eta medikuak.

Amets horiek betetzeko traba handiena eremu akademikoan dago. Ikasketa-maila txikiak eta diskriminazio-egoerek zaildu egiten dute. Baina emakume horiek garrantzi handia ematen diote hezkuntzari. Derrigorrezko hezkuntza oso positiboa da, haien ikuspegitik. Ez daukate inolako zalantzarik horri buruz. Garbi daukate hezkuntza ezinbesteko oinarria dela lan-mundura sartzeko eta baldintza onenak dituzten enpleguak lortzeko, eta are garrantzitsuagoa da hori emakume ijitoentzat. Bide hori jorratzeko, gainerako emakume ijitoen babesa eta jarduera erlijiosoetako bilkurak oso mesedegarriak dira, gune horietan esperientziak partekatzen dituztelako eta laguntasunak eraikitzen dituztelako.

Gauzak aldatzen ari dira. Horren erakusgarri da Andrea Khalfaoui bera. Euskal Herrian doktoratu den lehen emakume ijitoa da. Hezkuntzaren eremuan asko egin dezakegu bide horretan sakontzeko.

Ikasle guztientzat ikasteko benetako aukerak eskaintzen ditugun heinean, ikasle horien guztien askatasuna eta autonomia sustatzen ari gara, eta, horrela, aldi berean, hobekuntza horiek sekulako ekarpena egiten diote gizarteari.

Egilea: Harkaitz Zubiri