Eskubide zibilen aldeko mugimenduak ez zion horrela deitzen bere buruari Amerikako Estatu Batuetan (AEB) 1950eko eta 1960ko hamarkadetan. “Askatasunaren aldeko mugimendua”, horrela izendatzen zuten beren burua. Mugimendua hasi zen garaian, hainbat hiritarrek ez zuten zinera, igerilekura edo eskolara askatasunez joateko eskubiderik. Lege arrazistek eragozten zieten zer eskolatara joan nahi zuten erabakitzea. Era berean, autobusean zer eserlekutan eseri erabakitzea eragozten zieten lege arrazista horiek. Horregatik, askatasunaren mugimenduarentzat lorpen handia izan zen AEBetako gobernu federalak eskola aukeratzeko eskubidea aitortzea hiritar guztiei. Baina lorpen horrek erreakzio ugari eragin zituen.
Gobernu federalaren erabakia ez zen automatikoki AEBetako estatu eta konterri guztietan gauzatu. Hainbatek ahal bezain beste atzeratu zuten erabakia. Aldi berean, arrazista agerikoenek publikoki adierazi zuten “beraien” eskoletan ez zela “zuria” ez zen umerik sartuko. Baina hori ez zen erreakzio arrazista bakarra izan.
“Zurientzat” bakarrik ziren eskoletan gainerako umeek ere sartzeko aukera izango zutela saihetsezina zela garbi gelditu zenean, kuotak ezarri nahi izan zituzten zenbaitek, beren eskoletan ume “ez-zuri” asko sar ez zitezen. Familia “zuriek” normaltasunez erabakiko zuten zer eskolatara eraman beren umeak. Familia “ez-zuriek”, aldiz, kuotaren mugaren arabera erabaki beharko zuten. Ume “ez-zurien” kopurua mugatu nahi izan zuten horrela. Gainera, birbanaketa-politika horiek ez zuten eskola-porrota gainditzen lagundu, ez AEBetan ezta beste herrialde batzuetan ere. Hori gutxi balitz, birbanaketa-politikek areagotu egin zuten arrazakeria. AEBetatik kanpo ikusi ahal izan da zenbait lekutan alderdi arrazisten hazkundea ere eragin zutela. Baina hori ez zen guztia izan. Arrazakeriak baditu milaka aurpegi.
“Zurien” eskoletara “besteak” ere joango zirela ikusi zutenean, testuinguru horretan iritsi zen David Ausubel-en proposamena: ume guztiak eskola berera joan behar baziren, ez zuten guztiek maila berean ikasiko. Segregazioa eskolaren baitan gauzatzeko proposamena zen Ausubelena. Arrazakeria hutsa, alegia. Ausubelek garbi adierazi zuen bere iritziz ume beltzen familiek ez zutela hezkuntzarekiko interesik. Ume horientzat maila txikiko hezkuntza eskaintzea zela aproposena defendatzen zuen Ausubelek.
Tarteka, mozorrotuta iristen zaizkigu jatorrian erabat arrazistak ziren proposamenak, eta horregatik komeni da nondik datozen ezagutzea. Eskola askatasunez aukeratzeko eskubidea sekulako lorpena izan zen. Hezkuntzarako eskubideak ezinbestean barne hartu behar du eskubide hori, baina hezkuntzarako eskubidea hori baino gehiago ere bada. Osasunerako eskubidea, ospitalera joateko eskubidea ez ezik tratamendu onena jasotzeko eskubidea ere baden bezala, hezkuntzarako eskubidea hezkuntza onena jasotzeko eskubidea ere bada. Hori gauzatu dadin, erreakzio arrazistak oztopoa baino ez dira.
Egilea: Harkaitz Zubiri