Orain arteko ekarpen zientifikoek baieztatzen dute ikaskuntza interaktiboko inguruneek ikasleen ikaskuntza eta garapeena sustatzen laguntzen dutela. Izan ere, interakzioa eta elkarrizketa ikaskuntzaren oinarrizko osagaiak dira.
Hezkuntza Premia Bereziak (HPB) dituzten ikasleei dagokionez, gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok frogatzen dute ikaskuntzaren hobekuntzak elkarrekintzaren zein elkarrizketaren bidez gertatzen direla. Haatik, ikerketa gehienak haur eta nerabeen hezkuntzan oinarritzen dira, eta ebidentzia gutxiago dago ikaskuntza-ingurune horiek HPBak dituzten ikasle helduen inklusioa sustatzeko.
Horren ildotik, Diez-Palomar, Ocampo Castillo, Munté Pascual eta Oliver (2021) ikertzaileek helduen hezkuntza aztertzen dute honako artikulu honetan: Adults With Special Educational Needs Participatng in Interactive Learning Enviroments in Adult Education: Educational, Social, and Personal Improvements. A case Study.
Artikulu horren xede nagusia da premia bereziak dituzten edo ez dituzten helduek partekatutako ikaskuntza-ingurune interaktibo baten azterketa-kasu bat aztertzea.
Azterketa egiteko, ikertzaileek metodologia komunikatiboa erabili dute, eta, azterketa dokumentala zein azterketa kualitatiboa oinarri hartuta, azterlanak hezkuntza parte-hartzailearen eta dialogikoaren testuingurua aztertzen du.
Ikerketaren emaitza nagusiek HPBak dituzten emakume eta gizon heldu horien bizitzan identifikatutako hobekuntza batzuk nabarmentzen dituzte, hezkuntza-hobekuntzak, gizarteratze-sentimendu handiagoa eta ongizate handiagoa barne hartzen dituztenak.
Egilea: Ane Olmedillo