Solasaldi Literario Dialogikoek (SLD) arrakasta akademikoa eta kohesio soziala lortzen dutela erakutsi dute hainbat ikerketaren bitartez, eta arrakasta hori oso nabarmena da kolektibo kalteberetan ere bai. SLD literatura klasikoko liburu baten irakurketan eta ondorengo eztabaida dialogikoan datza.

Estereotipo arrazisten arabera, familia ijitoei ez zaie hezkuntza interesatzen. Baina ikerketek garbi erakutsi dute jarduera horietan parte hartzen dutenean haurrek arrakasta akademiko eta soziala lortzen dutela. Hori gutxi balitz, familia horiek gizarte-eragile nagusiak dira ijitoen komunitatearen eraldaketan.

Eta nola lortzen dute hori Solasaldi Literario Dialogikoek? Gizakien ahalmenak aurreikusten eta ahalmenaren mugetan arreta jarri beharrean, solasaldiek espazio dialogiko bat sortzen dute, non parte-hartzaileek beren itxaropenak hauspotu eta norbere burua eralda dezaketen. 

Lopez de Aguileta (2021) ikertzaileak literatura zientifikoaren berrikuspena egin du, aztertzeko nola sustatzen dituzten Literatura Solasaldi Dialogikoek esanahi-sorkuntza eta eraldaketa. Biak dira funtsezkoak ikaskuntza dialogikoaren printzipioen artean.

Ikerketa horren emaitzek honako hau adierazten dute: zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak, hala nola ijito herria, sufritzen dituzten bazterketa-egoerak hobetzeko oztopo ugari izan arren, Solasaldi Literario Dialogikoetan aktiboki inplikatu dira. Parte-hartze horri esker, parte-hartzaileek haien bizitzetan esanahia bilatzeko eta aldaketak eragiteko ahalmena sentitu dute. Lopez de Aguiletak hainbat aldaketa identifikatu zituen: hezkuntza-proiektu berriak bere egitea, mugimendu sozialetan eta demokratikoetan parte hartzea, SLDetako parte-hartzaileen familiengan eta adiskideengan eragina izatea, eta parte-hartzaileen autoestimua handitzea. Aldaketa horiek ahalbidetu zuten esanahi-sorkuntza eta eraldaketa.

Eraldaketa horiek bereziki erabakigarriak izan dira ijito komunitatean. Munduko literatura onena eskura jartzeak eta haren inguruan eztabaidatzeko espazio dialogiko bat garatzeak ekarpena egiten dio ijitoen komunitatearekiko desberdinkeria gainditzeari eta nahi duten etorkizuna lantzeari.

Egilea: Aitana Fernández