UNESCOren Munduko hezkuntzaren jarraipenaren txostenak eta LGBTQI ikasle gazteen nazioarteko erakundeak (IGLYO), Homofobia, Bifobia eta Transfobiaren aurkako egunean (maiatzak 17), ikasle LGBTIen egoeraren inguruan egindako ikerketa eta inkesten emaitzak plazaratu dituzte.

13 eta 24 urte bitarteko 17.000 ume eta gazteri egindako inkesta baten arabera, LGBTQI pertsonen % 54k jazarpena jasan du gutxienez behin bere orientazio sexual, genero-identitate, genero-adierazpen edo ezaugarri sexualen aldaketagatik. Bestetik, % 83k LGBTQI ikasleen inguruko komentario negatiboak entzun dituztela eta % 67k gutxienez behin euren buruari buruzko komentario negatiboak jaso dituztela aitortzen dute.

IGLYOk egindako inkestan parte hartu zuen 19 urteko ikasle intersexual ez-binario batek honako hau adierazi zuen: “Nahiko haserre nago sistemarekin, nahi duzuna izan zaitezkeela esaten dizutelako, aske izan zaitezkeela, eskolan nahi duzun bezala ager dezakezula zeure burua; eta, gero, ezberdina bazara, erreakzio negatiboak jasotzen dituzu”.

Hezkuntza-sistema inklusibo batean, komentario negatiboak entzutean irakasle eta hezkuntza-komunitateko pertsona guztien esku-hartzea ezinbestekoa da. Dena den, hezitzaile askok, konfiantza faltaz gain, ez dute LGBTI ikasleak babesteko ezagutza nahikorik. Ikasleen gehiengoak (% 58k) ez dio inoiz eskolako pertsonalari bere jazoeren berri eman, eta soilik % 15ek baino gutxiagok jakinarazi zituen gertakariak modu sistematikoan.

Manos Antoninis UNESCOren GEM txostenaren zuzendariaren hitzetan, “hezkuntza matematika eta hitzak ikastea baino gehiago da. Gizarte inklusiboa nahi badugu, eskolek inklusiboak izan behar dute. Umeei modu jakin bateko pertsonak besterik ez direla onartzen irakasten bazaie, besteak tratatzeko modua aldatuko da”. IGYOren Zuzendari Exekutiboak LGBTIri buruz honako hau dio: “Herrialde askotako diskurtso nazionaletan gertatutako aldaketez gain, LGBTI ikasle askok segurtasun falta dute eta ez dira eskoletan ongietorriak. Isolamenduak eta online elkarrekintzek jazarpena eta bazterketa areagotu dituztelako beldurra handitu da”.

UNESCOren txostenak LGBTI ikasleen diskriminazioa fenomeno mundiala dela baieztatzen du. AEBn ikasle gay, lesbiana eta bisexualen % 12,5ek, azken 30 egunetan, eskolan edo horretarako bidean seguru sentitzen ez zirelako, gutxienez behin kale egitea aitortu zuten; heterosexualen ehunekoa, aldiz, % 4,6 zen. Zeelanda Berrian, LGBTI ikasleek beren ikaskideek baino 3 aldiz aukera gehiago dituzte jazarpena pairatzeko. Japonian, 10 eta 35 urte bitarteko LGBTI ikasleen % 68k biolentzia jaso dute eskolan. Latinoamerikako zazpi herrialdetan, LGBTI ikasleek lagundu edo babesten dituen irakasle bat gutxienez identifika dezakete, baina gehienek irakasleengandik jarrera negatiboak izaten dituzte euren orientazio sexuala eta genero-adierazpenari dagokionez.

Gainera, curriculum eta material didaktikoek LGBTI identitateei ez ikusiarena egiten diete edo patologiatzat  hartzen dituzte. Inkestako parte-hartzaileetako bostetik batek baino gutxiagok adierazi zuen LGBTI pertsonen irudikapen positiboak ikasi zituela eskolan. Ikerketa berri batek erakutsi zuen Europako Herrialde Kideetako 47 estatuetatik, ia erdiek ez dituztela lantzen orientazio sexuala, genero-identitatea, genero-adierazpena edo ezaugarri sexualen aldaketa; zazpik aukeran ematen dute, eta hemeretzik soilik ematen dute derrigorrez.

LGBTI ikasleen inklusiorako inguru segurua bermatzea ezinbesteko urratsa da, eta hala baieztatu zuen 2016an 56 herrialdek hartutako konpromisoak UNESCOk antolatutako “Ministroen Ekintzarako deia”-ren testuinguruan, non, hezkuntza inklusibo eta bidezkoaren bidez, diskriminazio eta biolentziarik gabeko ingurua eskaintzea zuten helburu.

Ekintzarako dei horrekin bat etorriz, txostenak arduradun politikoek ikasle guztien inklusioa bermatzeko gomendioak ematen ditu. Orientazio sexualaren, genero-identitatearen, genero-adierazpenaren eta ezaugarri sexualen aldaketen kriminalizazioa edo horiek patologiatzat hartzea bukatu egin behar da, baita eskubide-berdintasunen ukapena eta LGBTIen aurkako mehatxu eta jazarpenak ere. 

UNESCOk eta IGLYOk ere gobernu eta eskolei dei egiten die LGBTI pertsonak, euren historia eta esperientziak ikasketa-programetan txertatu ditzaten. Esfortzu horiek irakasleen formakuntzarekin osatu behar dira, curriculum inklusiboak aplikatu eta gertaera edo mehatxuei modu eraginkorrean aurre egiteko.

Egilea: Laura Alvarez