Nazio Batuen Haurren Eskubideen Batzordeak adingabeak babesteko esparru integrala eskatu zuenetik 10 urte igaro direnean, apirilaren 15ean onartu zuen Estatu Espainoleko Biltzarrak Indarkeriaren aurrean Haurrak eta Nerabeak Babesteko Lege Organikoa. 2017an, alderdi guztiek legez besteko proposamen bat bozkatu zuten, Gobernuari legeak premiaz egitea eskatzeko. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko lege-proiektu horrek lau urte behar izan ditu errealitate bihurtzeko, eta orain Senatuan izapidetzen jarraitu beharko du.
Proiektuak prebentzio-, sentsibilizazio-, detekzio- eta erreparazio-neurriak zabaltzen ditu adingabeek jasaten dituzten tratu txar mota guztien aurrean; 35 urtera igo da adingabeei abusuak egiteko preskripzio-epea zenbatzen hasten den adina; prozesu judizialean bigarren mailako biktimizazioa saihesteko neurriak ezartzen dira; indartu egiten da haurrek informazioa jasotzeko eta entzunak izateko duten eskubidea; genero-indarkeriagatik ikertutako adingabeen eta gurasoen arteko bisitak debekatzea aurreikusten da; Gobernuari agintzen zaio epaitegi espezializatuak sor ditzala; eta funtsezko lehentasuna ematen zaio prebentzioari, sozializazioari eta hezkuntzari, bai adingabeen artean, bai gizartearen beraren artean.
Hain zuzen ere, testuak zehatz-mehatz heltzen dio indarkeriari (zigor fisikotik sexu-indarkeriara edo ziberjazarpenera), eta ekimenak hedatzen ditu, haurrekin lan egiten duten profesionalei prestakuntza ematetik, ikastetxeetan, kirol-zentroetan eta adingabeen zentroetan protokoloak ezartzera, eta biktimen sentsibilizazio, detekzio, babes eta erreparaziorako neurriak jasotzen ditu:
- Ikastetxe guztietan “ongizateko koordinatzailea” izango dute. Ikastetxeak ezinbestekotzat jotzen dira, kontuan hartzen bada haur eta nerabeen bizitzan sozializazio-ingurune nagusia direla. Hortaz, IV. kapituluak indarkeria prebenitzeko eta goiz detektatzeko hainbat neurri garatzen ditu, eta, artikulu horretan jasotako bizikidetza-planarekin batera, honako hauen aurrean jarduteko protokoloak ezarri behar dira: abusuak eta tratu txarrak, eskola-jazarpena, ziberjazarpena, sexu-jazarpena, genero-indarkeria, etxeko indarkeria, suizidioa, autolesioa eta beste edozein indarkeria-mota. Horretarako, haurrek eta nerabeek parte hartuko dute. Adingabeek segurtasun digitalaren arloan duten gaitasuna ere islatzen da. Protokolo horiek behar bezala funtziona dezaten, ongizateko eta babeseko koordinatzaileek mekanismo horien berri emateko eta indarkeriaren aurkako planak eta neurriak sustatuko dituzte.
- V. kapituluak Goi Mailako Hezkuntzak eta Unibertsitate Kontseiluak haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan duten inplikazioa arautzen du.
- Kiroletan eta aisialdian, figura antzekoa izango da, eta “babes-ordezkaria” deituko zaio.
- Haurrak babesteko sistemak, babes-erakunde publikoek zaindu beharrekoak, bereziki egoera ahulean dauden haur eta nerabeei dagokienez, hala nola Espainiara bakarrik iristen diren haurrei edo guraso-zaintzarik gabeko haur eta nerabeei dagokienez.
- Familiek “gurasotasun positiboa” sustatzeko laguntza izango dute, eta legeak administrazio publikoak behartzen ditu adingabeen aurkako indarkeriaren kontrako sentsibilizazio-kanpainak sustatzera, “gizarteak tratu ona jasotzeko duen eskubideari buruz kontzientzia har dezan”. Ildo horretan, prebentzio-planak eta -programak onartu beharko dira hainbat eremutan, besteak beste, familian. Neurri horiek, besteak beste, “indarkeria fisiko edo psikologikoaren bidezko zigorra desagerraraztera” edo tratu ona eta “gurasotasun positiboa” sustatzera bideratuta egon beharko dute. Testuan zehar erabiltzen da kontzeptu hori, eta adingabearen interes gorenean oinarritutako hazkuntzari buruzkoa da, ingurune afektiboetan eta garapen osoa bultzatzen dutenetan.
Zalantzarik gabe, hezkuntza-gune horiek guztiak beharrezkoak dira indarkeriari aurre egiteko.
Egilea: Isabel Mendizabal