Andujarren dago San Eufrasio eskola, azken urteetan ghetto bihurtu zena. Ikasleriaren % 80 ijitoa da, eta betiko hezkuntza-formulek ez zuten emaitza positiborik ematen: elkarbizitza geroz eta okerragoa, absentismo handiagoa eta emaitza akademiko baxuak ziren nagusi San Eufrasion. Gauzak horrela, Ikas Komunitate bihurtzeko erabakia hartu zuten orain dela hiru urte, eta geroztik hobekuntza sakonak izan dituzte ikasle, irakasle zein familiek.
Dakigunez, Ikas Komunitateak eskolako ekintza eta erro guztiak ebidentzia zientifikoetan oinarritzen dira, eta elkarrekintzak eta komunitatearen parte hartzea oinarri dituzte. 2018-2019 ikasturtean erabakia hartu eta geroztik, ikasle zein irakasleen jarrera guztiz aldatu dela dio eskolako zuzendariak, bai eta familiek eskolarekiko dituzten jarrerak eta usteak ere.
Ikasleen ikasteko gogoa ikaragarria da orain, zuzendariak dioen moduan. Hala, orain dela hiru urte % 18ko absentismoa izatetik, % 0,5 izatera igaro aurten. Maila akademikoa ere gora doa, joera positiboa erakusten dute emaitzek. Gainera, elkarbizitza ere geroz eta hobea da, gelan nahiz gelatik kanpo. Horren adibide argia da azken hiru urteetan familia bakar batek ere eskola-aldaketa eskatu ez izana.
Izan ere, Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek ikasketa eta elkarbizitza sustatzen dituzte aurrera eraman diren testuinguru guztietan. Eta horixe da, ijito herriarentzat bereziki, arrakastaren atea irekitzea, non etorkizun hobea izateko itxaropena dagoen. Halaxe dio Fernando Macías ikertzaile ijitoak, Magisterio-ko berrian, hain zuzen ere.