Maiz entzuten da sormena garatzeko aukerak eman behar zaizkiela umeei. Beraz, komeni zaigu hori nola egiten den jakitea. Baten batek pentsa lezake sormena besterik gabe pertsona indibidual baten baitan ekoizten dela, besterik gabe barrutik datorren jarioa dela, norbanakoaren baitan besterik gabe loratzen dela. Baina sormena ez da besterik gabe gertatzen. Batetik, ikerketak garbi erakutsi du sormena askoz aberatsagoa dela sortzaileen arteko interakzioa intentsoagoa denean eta haien artean laguntasun-harremana dagoenean. Mundu-mailan ezagunak diren adibide asko daude: pintore inpresionista frantsesak, poeta erromantiko ingelesak…
Landare bat haz dadin ezinbestekoak ditu eguzkiaren argia, tenperatura egokia, hezetasuna, airea eta elikagaiak. Hau da, landare batek asko jasotzen du, kanpoko osagai asko bere egiten ditu, hazi ahal izateko. Gizakion sormenerako, ahalmena ez da gutxiago. Elikatu beharra dago, eguzkiaz gozatu, giro egokian murgildu. Elikagai, eguzki eta giro horiexen bila zebilen Cambridgeko Unibertsitateko Morag Styles, eta horregatik aztertu zuen Mila eta bat gauak obrak zenbaterainoko eragina izan zuen azken bi mendeetako idazle prestigiotsuengan. Izan ere, hamaika dira ingelesez Arabian Nights izenez ezagutzen den obra hori publikoki miretsi duten idazleak: Dickens, Brönte ahizpak, Stevenson, Joyce, Woolf…
Sherezade da literaturako pertsonaia feminista nabarmenenetako bat. Narrazioen bidez liluratzeko daukan gaitasunari esker salbatzen du bere bizia eta beste hainbat neskarena. Ausardiak, elkartasunak, lilurak eta hasieratik atxikitzen zaituzten narrazioek harilkatzen dute obra. Umetan Mila eta bat gauak irakurtzea funtsezkoa izan zen makina bat idazlerentzat. Publikoki aitortzeko beharra izan zuten askok. Baina, jakina, Mila eta bat gauak obrak ez zien bakarrik idazleei eragin.
Irakurtzea plazera izan behar da. Haurrak liluratu egin behar dira. Horretarako, denbora nahikoa eskaini behar zaio irakurketari, eta, horrez gain, oso gogoan izan behar dugu funtsezkoa dela plazera helburu izatea. Liburua gure bizitzekin lotzeko baldintzak eskaini behar zaizkie haurrei eta nerabeei, horrela ikasleek liburuaren zentzua beren bizitzaren arabera eraikiko baitute, beren pentsamenduen eta sentimenduen arabera, beren irudimenaren arabera, eta horrela izango baitute liburuarekin gozatzeko aukera.
Erraz ezkontzen dira liburuekiko lilura, hizkuntzen ikaskuntza eta alfabetatzea. Erraz ezkontzen dira baldin eta nola ezkontzen diren badakizu. Kaieran askotan azaldu digute: fundamentuz egiten diren Solasaldi Literario Dialogikoek sekulako ahalmena dute. Alfabetatze-prozesuak ez du zertan plazeraren kaltetan izan. Liburu onenak bereziki lagungarriak dira. Zertarako irakurri erdipurdiko liburuak, liburu onenekin gozatu badezakegu? Erdipurdiko liburuek ez gaituzte pizten liburu onenek piztu gaitzaketen neurrian, ezta hurrik eman ere.
Nola liluratu, nola ikasi hizkuntza, nola alfabetatu liburu onenak irakurriz? Styles-ek hiru gako aipatzen ditu: praktika, plazera eta persistentzia. Eta umetatik hastea. Hori guztia eraginkorragoa da interakzio aberatsen testuinguruan.
Inork ezagutzen al du idazle onik sutsuki irakurtzen ez duenik? Zinema-zuzendaririk urtetan etengabe pelikulak ikusten aritu ez denik? Dantzari bikainik urtetan entseatzen orduak eta orduak pasatu ez dituenik? Sormena, jakina, ez da ezerezetik sortzen. Sormena aberastasunetik jaiotzen da, geure egin dugun kulturaren aberastasunetik. Haurren edo nerabeen sormena sustatu nahi duenak ezinbestean moldatu beharko ditu baldintza egokiak haur eta nerabe horiek kultura-sorkuntza aberasgarrienarekin gozatu dezaten. Horixe da, hain zuzen, sormena garatzeko aukerak ematea.
Egilea: Harkaitz Zubiri