European Anti-Poverty Network (EAPN), pobrezia eta esklusioaren kontra egiten duen plataforma, Europar Batasuneko zenbait giza erakundek osatzen dute, eta honako hau da haien helburu nagusia: pobrezia eta esklusioaren gaiak eztabaida politikoen agendan kokatzea. Horrez gain, pobrezian bizi diren pertsonen eskubideak eta betebeharrak bideratu nahi dituzte, eta esklusioa pairatzen duten biztanleen egoera larriak gainditu.

Estatu Espainiarrean, EAPN-ES erakundea 1991. urtean sortu zen, eta, gaur egun, 19 sare autonomikoz eta estatu-mailan aritzen diren 18 entitatez (Gurutze Gorria, CEAR eta Fundación Secretariado Gitano, besteak beste) osatuta dago. 

Europar sare horrek, hamar urtez jarraian, “Pobreziaren egoera” txosten sakonak argitaratu ditu. Hor, AROPE (At Risk of Poverty and/or Exclusion) adierazlearen jarraipena egiten du hiru osagarri hauetan: pobrezia, pribazio material larria, enpleguaren intentsitate baxua.

Azken txostena 2020ko urrian argitaratu zuten, eta 2008. eta 2019. urteen arteko adierazlearen datuak biltzen ditu, baita pobrezia- edo esklusio-arriskuan bizi diren pertsonen kopurua ere. 

Laburbilduz, honako hauek dira txostena zeharkatzen duten ideia nagusiak:

  1. Covid19ak ekarri duen krisiak zaildu egiten du pobrezia jasaten duten pertsonen kopuru zehatza jakitea. Gaurko datuek pobreziaren igoera larria islatzen dute, eta, seguru aski, ikusten dena baino handiagoa izango da.
  2. Estrategia UE2020 delakoaren arabera, Espainiak konpromisoa zeukan Europarekin pobrezia murrizteko. Hala ere, helburua ez da bete; are gehiago, Europako herrialde gehienetan ez bezala, adierazleek (pobrezia, pribazio larria, enplegu baxua) gora egin dute.
  3. Nahiz ekonomia hobetu 2014ko datuen arabera, horrek ez du ekarri pertsonen bizitzaren benetako hobekuntzarik. 
  4. Desoreka handia ikusten da krisiaren ondorioetan. Pobreen bizitza askoz kaltetuago dago, eta askoz errekuperazio geldoagoa izaten dute. Sexuaren arabera, emakumeen egoera kaltetuago agertzen da zenbait adierazletan. Lurraldeen arabera, alde nabariak ikusten dira Espainiako iparraldeko eta hegoaldekoen artean.
  5. Pobreziari erantzuteko betiko estrategiek ez dute baliorik orain. Beraz, lanpostuak zabaltzea, ikasketa-mailak igotzea eta halakoak distribuzio-politika egokiekin batera ezarri behar dira.
  6. 2009ko krisiaren ondorioz, pobreziaren profil berria sortu zen (haurrak, hirietan bizi direnak, langileak…), eta, horregatik, esklusioa baztertzeko tresna eraginkorrak diseinatu behar dira. 
  7. Espainiak AROPE tasa altua dauka, 7. lekuan dago Europako herrialdeen artean, eta 4,3 puntu Europako batezbestekoaren gainetik.

Horren guztiaren arabera, zeintzuk dira gure gizartearen ezaugarri nabarienak? 2019. urtean, Espainiako populazioaren % 25,3 pobrezia- edo esklusio-arriskuan bizi zen. Kontuan izan behar da emakumeek tasa handiagoa dutela (% 26) gizonek baino, eta 16-29 urteko gazteek (% 27) zaharrek baino.

Bestetik, seme-alabekin bizitzea arrisku-faktore garrantzitsua da, bereziki guraso bakarreko familietan (% 46,8).

Bukatzeko, populazioaren % 49,3k zailtasunen bat dauka hilabeteko gastuei aurre egiteko.

Adingabeei dagokienez, % 20,6 hipoteka ordaintzeko edo etxea alokatzeko atzerapen bat edo gehiago izan dituzten etxeetan bizi dira; % 23,6 neguan etxebizitza-tenperatura egokian mantendu ezin duten etxeetan; % 50,9 hilabete amaierara iristeko zailtasunak edo zailtasun handiak dituzten etxeetan bizi dira, eta haurren % 22,8 ordenagailu bat eduki ezin duten etxeetan bizi dira. Gainera, adingabe pobreen % 12,3k ezin du bi egunean behin haragi, oilasko edo arrainik jan, eta % 5,3k ez du Internetik etxean.

Herritar gisa eta, batez ere, hezitzaile gisa, datu orokor horiek eta gure ikastetxeko ikasleen benetako egoera ezagutzea ezinbestekoa da ikasleek ikasten jarraitu ahal izateko neurri egokiak planifikatu ahal izateko. Argi dago denon laguntzarik gabe ikasle pobreek askoz zailagoa dutela, baina zientziak eskolari laguntza handia eman diezaioke.

Egilea: Jon Salinas Elorza