Aurtengoa ez da urte erraza izan. Covid-19ak sortutako pandemiak erabat aldatu ditu gure bizitzak, eta, kasu honetan, hezkuntza. Hainbat erronka era azkarrean bideratu behar izan ditugu. Hala ere, egoera latzenetan, emaitza positiboak izatea ere posiblea izan da.

Adibidez, elkartasun-adierazpenak ugariak izan dira. Hainbat elkarte antolatu dira guztientzako behar garrantzitsuenak asetzen direla ziurtatzeko: janarien banaketa, bakarrik bizi diren pertsona nagusientzako laguntza emozionala, eta beste hainbat.

Bestalde, zientziak izan duen papera ere azpimarratzekoa da. Hainbat eta hainbat editorial eta aldizkarik Covid-19ari buruzko informazioa era askean partekatu dute, eta Europa osoko zientzialariek bat egin dute pandemiaren erronkei erantzun efektiboak emateko EuVsVirus Hackathon-ean.

Hezkuntzan, hainbat izan dira, Freirek zioen moduan, “zailtasunak aukera bihurtu” dituzten eskolak eta komunitateak. Egunkari honetan bertan argitaratu dira hainbat esperientzia, non, oinarri zientifikoak kontuan hartuta, ikaskuntza dialogikoa online espaziora eraman duten. Gainera, espazio birtualak, ezagutzak eta hezkuntza-esperientziak leku guztietako pertsonekin partekatzeko aukera eman digu. Adibidez, “Jarduera Arrakastatsuak Online” jardunaldian guztiontzat baliagarriak izan daitezkeen eta pandemia-garaian ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzen duten Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak ezagutu ahal izan genituen. Argi ikusi da, beraz, Jack P. Shonkoff-ek azaldu zuen moduan, inoiz baino garrantzitsuagoa izan dela ezagutza zientifikoan oinarritzea umeen ongizatea ziurtatzeko.

Sentimendu eta ekintza garrantzitsuenak zein diren erakutsi ahal izan digu pandemiak. Beraz, jarrai dezagun hobekuntza soziala ahalbidetzen duten sentimenduak eta balioak sustatzen. Gure aldetik, hala izango da. Udako oporren bueltan, berriz izango gara, eta hezkuntzaren inguruko ezagutza zientifikoan oinarritutako eztabaidak elikatzen jarraitu eta pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza lortzeko lan egingo dugu.

Kaiera Logo (K)