Giza portaerei buruz gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira COVID-19 delakoaren ondorioz, pertsonengan izan diren aldaketak azaldu ahal izateko. Gutxi egin dira harreman egonkorretan izan duen eraginari buruz, baina ia bat ere ez noizbehinkako harremanei buruz. Changes in Tongue Kissing in Hook-Ups after COVID-19 (Ruiz-Eugenio et al., 2020) gai horri buruz pandemia-garaian egindako ikerketa da, hain zuzen ere. Azterlan horrek gaueko martxan gertatzen diren noizbehinkako harremanei edo ligeei lotutako musu-aldaketak aztertzen ditu, morreo edo mihi-musuaren bidezko birusaren transmisio-iturri potentzial gisa ulertuta.
Ikerketa horretan 18 eta 30 urte bitarteko emakume heterosexualek parte hartu zuten. Parte-hartzaile guztiak espainiarrak dira, eta Bartzelonan, Bilbon, Madrilen, Reusen eta Valentzian bizi ziren ikerketaren unean. Neska horiek bi galdeketa osatu zuten eta bien artean esku-hartze bat egon zen.
Hasierako galdesortan, ia neska batek ere ez zuen morreoen aurrean arbuiorik erakutsi, gai horren inguruan bizitako esperientzia kitzikagarrienak kontatzeko eskatu baitzitzaien. Hala eta guztiz ere, lehen galdetegi horretan, batzuek lotsa, damua edo iraina bezalako esperientziak definitzen zituzten, dibertimendu eta sentimendu kitzikagarriekin batera.
Egindako esku-hartzean, testu txiki bat irakurri eta bideo bat ikusi zuten. Testuan azaltzen zen Covidaren transmisio-moduetako bat listua dela, eta, beraz, pertsona ezezagunen morreoa transmisio-iturria izan daitekela. Bideoa 35 segundokoa da, eta tinta ikusezinarekin egindako esperimentu bat azaltzen da.
Ondoren, parte-hartzaileek bigarren galdetegia bete behar izan zuten. 20 parte-hartzaileetatik hamabik aldaketak izan zituzten bigarren galdetegian. Lehen galdesortan gogogabetzeko adjektiboak erakutsi zituzten batzuek mutil ezezagunekin izan zituzten morreoak nazkagarritzat jo zituzten. Beste batzuengan, eszitazio-adjektiboak neurri handiagoan desagertu ziren, eta batzuk mantendu ziren arren, esan zuten ez zutela iraganeko egoerarik errepikatuko orainaldian edo etorkizunean. Beste neska batzuek ez zituzten iraganeko esperientzietako oroitzapenak aldatu, kitzikagarritzat hartzen zituzten oraindik, baina nazka handia ematen zien etorkizunean ezezagun bati musu bat ematean pentsatzeak.
Ikertzaileen ustez, kontraesan batzuk diskurtso hertsatzailearen bidez azal daitezke. Horrek ere zerikusia izan lezake “igoeraren ispilatzearekin”, agian uste zutelako esperientzia horiek beren erakargarritasuna areagotzen zutela. Gainera, argi azaldu dute helburua ez dela noizbehinkako harremanak kritikatzea eta neskek harreman horiek ez izatea, baizik eta informazio guztia izatea, erabaki onenak har ditzaten. Horrek esan nahi du infektatzeko arriskua areagotu egiten dela aurreko ligeak ezagutzen ez dituen norbaitekin morreoa izaten denean, eta hori konpon liteke elkarrizketa zintzoa eta hertsapenik gabea erabiliz eta pertsona horiek ondo aukeratuz.
Ikerketa horrek frogatzen duenez, kutsatzeko moduari buruz gehiago jakiteak handitu egiten ditu osasuna prebenitzeko sentsibilitatea eta etorkizuneko asmoak. Gaiaren inguruan egiten diren aurrerapen guztiek gizarte-garapen jasangarria sustatzen lagundu dezakete, batez ere harreman intimoen esparruan.
Egilea: Garazi Alvarez