Beste hizkuntza bat ikastea jarduera konplexua da. Gaur egungo mundu eleanitzean gero eta gehiago dira erronka horri aurre egiten dioten ikasle helduak. 

Bigarren hizkuntza eskuratzeko aupada garrantzitsu bat hiztegi berria garatzea da. Baina nola identifika daiteke hitz berri baten esanahia erreferente posible batzuen artean? Ikasle helduek, gehienetan, testuinguruko informazioa erabiltzen dute, eta horrek murriztu egiten du hitz berri batek izan dezakeen erreferenteen kopurua. 

Solaskide batek are gehiago erraztu dezake hitzak ikastea. Ikaslearen arreta hitzaren esanahi zuzenera bideratu dezake. Lehen hizkuntza eskuratzean “arreta partekatuak” –joint attention– duen paperari buruz asko ikertu bada ere, bigarren hizkuntza eskuratzean duen eraginkortasunari buruz ez da orain arte asko ikertu. 

Gai hori izan dute aztergai Verga eta Kotz (2017) ikertzaileek argitaratu zuten “Help me if I can´t: Social interaction effects in adult contextual word learning” artikuluan.

Emaitzek argi eta garbi erakusten dute hitz berriak azkarrago ikasten direla interakzio sozialean parte hartzen denean, hain zuzen, testuinguru aldakorretan solaskide batekin koordinatzean. Gainera, proba egin eta denbora jakin bat pasatu ondoren, hitzak hobeto gogoratzen dituzte hitz horiek elkarreraginean ikasi dituztenek.

Laburbilduz, esan daiteke ikerketa horrek lehen ebidentziak eskaintzen dituela arreta partekatuak bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan duen onuraren inguruan. 

Egilea: Ane Olmedillo