Ramón Flecha Honoris Causa Doktorea da West Timisoara-ko Unibertsitatean, eta INCLUD-ED, IMPACT-EV eta orain hasi berria den ALL INTERACT Europar ikerketa proiektuen zuzendaria da. Flecha 13 liburu zientifikoren eta 60 artikulu zientifiko baino gehiagoren autorea da, bai eta Harvad, Montpelier edo Seul-eko Unibertsitateetan hizlaria ere. Tourain, Castells edo Freire bezalako autoreekin lan egin du, eta bere obrak hamabi hizkuntzatara itzuliak izan dira. Hala, Ramón Flecharekin Euskadiko hezkuntzaren egoeraren inguruan hitz egiteko aukera izan dugu Kaieran eta argitalpen honek haren hitzak jasotzen ditu.

  • Zein da Gizarte Zientzietan inpaktu soziala ebaluatzearen beharraren jatorria?

Egia esan, Gizarte Zientzien oinarrian badago gizartearen onurarako lan egitearen beharra; beraz, inpaktu soziala hasieratik dator. Hau da, pertsonen ongizatean laguntzeko sortu ziren Gizarte Zientziak. Baina ez zen hasieratik inpaktu hori ebaluatzeko beharra ulertu. Ondoren, ia 200 urte eman genituen inpaktu sozial hura ebaluatu gabe, hartara burokratizatzen hasi zen Max Weber-en hitzetan. Burokratizatzen zen heinean, haren helburu nagusitik aldenduz joan zen. Gauzak horrela, XXI. mendean gizarteak “aski da” esan zuen arte: ez baitzen ulergarria pertsonen ongizaterako ikertu beharko zutenak gizartearekin harremanetan ere ez egotea. Momentu horrek 2008-2009ko krisialdi ekonomikoarekin kointziditu zuen. 

Horrekin ez da ulertu behar hori baino lehen ez zela ebaluatzen: gauza da oso gutxik egiten zutela. Horixe da CREAren kasua hain zuzen, ikerketa-talde hori inpaktu sozialaren ebaluazioan aitzindari baita 1991etik. Nahiz eta 90eko hamarkadan hasi, 2008ra arte ez zen orokortu. 

  • Gaur egun… Nola eraman dezakegu hori guztia gure ikasgeletara? 

Ikasgelen kasua bereziki argia da. Hau da, hezkuntza-sistemaren unibertsaltasun-printzipioa gizarte-zientziekin batera sortu zen. “Iraultza demokratiko”-ekin batera jaio zen, hain zuzen. Gizabanakoek “autogobernatuko” zirela aldarrikatu zutenean, beren burua eta gaitasuna sakonki ezagutzeko beharra sortu zen. Izan ere, bozkatzeko, antolatzeko eta horretan eraginkorrak izateko hezkuntza behar zuten: idaztea eta irakurtzea berebiziko baldintzak ziren kulturarekin batera. Horretarako, garai hartako aberatsen eskola urriak ez ziren nahikoa: mundu osorako eskolak behar ziren. 

Eskolen oinarrizko helburua da, hezkuntza-sistema unibertsalaren parte gisa, gizartearen sorkuntza kultural eta ezagutza garrantzitsuenak haurrei eskaintzea. Eta horren baitan zientzia dago. Hezkuntzak eta ikasgelak helburu argi hori badaukate, ikertzaileek argi izan beharko lukete hobekuntzara bideratutako ekimenak burutu beharko lituzketela. Esparru horretan burokratizazioa izugarria izan da, beste gizarte-zientzietan baino gehiago. Hezkuntza-ikertzaileek uste izan dute helburua beraiek direla, haien onurarako proiektuetarako finantzazioa lortzea. Ez dute uste ekarpenak egin behar direnik, ez dira konturatzen herritarren zergen bidez ordaintzen dietela hobekuntza horretan laguntzeko. Hobekuntza horretan laguntzen ez dutenez, ideologiaren mozorroa erabiltzen dute, beren ideologia onena dela eta neoliberalismoaren aurka borrokatzen dutela esanez. Baina amaitu egin zaie.

Hitz eta negozio horiek amaitu egin zaizkie, hemendik aurrera frogatu behar dutelako ikertzen ari diren horrek eta ematen duten denborak ikasgelak hobetzen dituela, hau da, haurren hezkuntzarako eskubidea hobetzen duela. Kaierak zorte handia du, egunkari hezitzailea denez eta inpaktu sozialean zentratua dagoenez, etorkizuna delako.

Hobekuntza orokorraren barruan, Euskadik gehiago bizkortuko du hobekuntza hori mendebaldeko beste herrialde batzuek baino.

  • Etorkizuna amesten… Nolakoa uste duzu izango dela hezkuntza Euskadin 50 edo 100 urteren buruan?

Hezkuntza asko hobetuko da datozen urteetan. Eta ez dut esan nahi datozen 100 urteetan, baizik eta hurrengo 10-20 urteetan, hain zuzen ere inpaktu soziala ebaluatzen hasi delako. Gelek lau “berriketarik” diotena aplikatzeari utziko diote. Hau da: emaitzak hobetzen dituzten ebidentziak aplikatuko dituzte. Hori, oro har, mundu osoan gertatuko da, eta, bereziki, Euskal Herrian, zientzia sustatzeko ahalegina egiten ari baita (ez bakarrik hezkuntzan, baita oro har ere), talentuak erakarriz eta abar. Gutxi barru, ebidentziak hezkuntzan aplikatzeko prozesu hori asko bizkortuko da. Erreleboa behar da. Gaur egun Euskadin hezkuntza zuzentzen duten pertsonak -eta ez naiz politikariez ari, adituez eta “adituez” baizik- inolako ebidentzia zientifikorik gabeko pertsonak dira, burokratizazio horretan ainguratuta daudenak. Nazioarteko prestakuntza zientifikoa duten, ebidentzia zientifiko horiek ikasten dituzten eta aldizkari zientifiko horietan argitaratzen dituzten pertsona gazteagoak behar dira. Badira, gero eta gazteagoak. Pertsona horiek izango dira Euskal Herriko haur guztien hezkuntzarako eskubidea asko hobetuko dutenak. Hau da, hobekuntza orokorraren barruan, Euskadik gehiago bizkortuko du hobekuntza hori mendebaldeko beste herrialde batzuek baino.