Azken urteotan Suedian bortxaketa-kasu batzuen interpretazioek erreakzio publikoak eragin dituzte, eta Gobernuak sexu-delituei buruzko lege berria ezarri zuen adostasunaren betekizunean oinarrituta. Suediako lehen ministroak hau esan zuen horren harira: “Begien bistakoa izan beharko luke, sexua borondatezkoa izan behar da. Borondatezkoa ez bada, legez kanpokoa da”. Gauzak horrela, 2018ko uztailaren 1etik aurrera, aldez aurreko baimenik ez duen edozein sexu-egoera kondenatua izango da, hots, ez da beharrezkoa bortxakeria edo biolentziarik egotea zigorra ezartzeko. 

Gaian sakontzeko eta hobeto ulertzeko ikerketa asko egiten ari dira. Hala ere, oraindik ezer gutxi dakigu gazteek sexu-adostasunari buruz duten arrazoibideari buruz. 

Complexities of sexual consent: young people’s reasoning in a Swedish context artikuluan, egileek ikertzen dute Suediako gazteek sexu-adostasuna eta sexu-negoziazioak nola ulertzen dituzten.

Ikerketan parte hartu zuten ia gazte gehienak sexu-adostasunaren alde egon ziren, eta horrela deskribatu zuten sexu-adostasuna: “biak alde daudenean bakarrik suertatzen da”. Sexua izateko nahiari buruzko komunikazioa ahozkoa edo gorputz-hizkuntzaren bidezkoa zela uste zuten. Besteekiko erreakzioei arreta jartzea beharrezkoa da sexu-topaketetan. Parte-hartzaileek hori errespetatzen ez zuten pertsonekiko iritzi negatiboak zituzten, “pertsona erabat zoroak” edo “anormalak” zirela uste zuten. 

Hala ere, kasu espezifikoei buruz hitz egiterakoan, zailtasun handiak erakutsi zituzten “ez” esateak zer esan nahi duen ebaluatzeko. Eztabaida egin eta gero, gaizki-ulertuak saihesteko argiak izatea oso garrantzitsua dela eta horretarako onespen ezaren berri ematea funtsezkoa dela gaineratu zuten. Gehienek esan zuten “ez” esatea oso zaila izango litzatekeela egoera horretan, eta “deserosotasun sozialaren” arriskua agertuko litzatekeela. 

Egoera horretan, emakume batek ahultasun-sentimenduak senti ditzake, noizbehinkako sexu-harremanetan dituen itxaropenei dagokienez. “Ez” esateak egoera deserosoa ekar dezake, baina “bai” esateak batzuetan ere zurrumurruak sor ditzake. Parte-hartzaile gehienak ados zeuden norbaitekin etxera joateak “bai” esan nahi zuela, baina arrazoitzean ulertu zuten norbaitekin etxera joateak ez zuela adierazten harremanak izateko gogorik. Denek pentsatzen zuten sexu-gidoi espezifiko bat zegoela noizbehinkako sexu-harremanetan, eta gidoi hori zalantzan jartzeko zailtasunak zituztela, egoeraren eta ondorio sozialen beldur zirelako. Parte-hartzaileek uste zuten egoera batzuetan adostasuna lortzen dela adostasun-eza adierazi arte, baina zeinbatetan, “beranduegi” den egoeretan, adostasun-eza adieraztea oso zaila izan daiteke. 

Ikerketa horrek erakutsi duen bezala, sexu-harremanak izateko nahiak (edo ez) eta baimenak zerikusia dute generoarekin, bizitzako esperientziekin, hezkuntza-ibilbidearekin eta adinarekin. 

Agerikoa da genero-arau tradizionalek interakzio sexualerako jarraibideak erregulatzen jarraitzen dutela eta oztopoak sortzen dituztela negoziazio-esparruari eta sexu-agentziari dagokionez. Ikerketak agerian uzten du sexu-desiraren eta sexu-adostasun eta adostasun-ezaren arteko harremana konplexua dela; era berean, artikulu horrek adostasunean sakontzeko beharra erakusten digu, hertsapenik gabe. Beraz, bai hitzezko bai hitzik gabeko komunikazioa oso garrantzitsua da sexu-harremanetan, osasunerako, sexu- eta ugalketa-eskubideetarako edo sexu-indarkeria eta bortxaketa prebenitzeko bide eraginkor eta egokiak garatzeko.

Egilea: Carlota Oteo