Askotan, erreminta teknologikoek ikaskuntza eraldatzeko duten potentzialaz mintzatu ohi gara. Hala ere, zer paper dute irakasleek? Zelan erabil ditzakete teknologia horiek modu dialogikoan, interakzioak sustatzeko?

Ildo horretatik, Neil Mercer eta kideek arbel interaktibo digitalaren erabilera aztertu dute, ikasgela barruko testuinguruan. Zehazki, Erresuma Batuan, ingurune dialogiko bat sustatu nahi duten irakasleek erreminta hori nola erabiltzen duten aztertu da ikerketan. Hori egiteko, zenbait saio grabatu zituzten, irakasleek beren hausnarketak eguneroko batean idatzi zituzten, eta guztien arteko bideoen analisiak eta eztabaidak egin zituzten.

Emaitzen artean, ikusi zuten arbel digitalak taldeko guztien artean testuak eztabaidatzeko aukera ematen zuela, eta irakaslearentzat lagungarria zela guztien artean ezagutza elkarrizketaren bidez sortzeko. Nahiz eta hori arbel interaktiborik gabe ere lortu daitekeen, ikertzaileek argudiatzen dute ikasleen ideia guztiak askoz errazago apuntatu edo bateratu daitezkeela bertan.

Bestalde, ikerketan parte hartu zuten irakasleei eskatu zitzaien arbelaren potentzial interaktiboa gehiago aprobetxatzeko. Hala, irakasleek gehien erabili zituzten estrategiak izan ziren ikasle guztiak ariketa berean batzea eta beste jarduera mota batzuekin txandakatzea. Gainera, ikusi zen arbel interaktibo digitalak, beste teknologia batzuekin alderatuta, ikasgela osoaren arteko elkarrizketa sustatzeko estimulu gehiago dituela. 

Hala ere, ikertzaileek argi utzi zuten arbel interaktiboa ez dela aukera berriak ekartzen dituena, baizik eta irakaslearen zerbitzaria dela. Hau da, arbelaren funtzioak ikaskuntza dialogikoa edota irakaskuntza tradizionalago bat aurrera eramateko erabil daitezke. Beraz, arbel digital interaktiboaren eraginkortasunaren gakoa ez dago haren hardwarean, softwarean edo materialetan; irakasleen jardueraren araberakoa da.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta