Jakina da bizidun orok hasiera eta amaiera dituela, eta gizakion kasuan amaiera horretara gerturatzeak ezaugarri triste eta desatseginak omen dakartza. Hala da, behintzat, zenbat jakintza herrikoiren arabera. Zorionez, zientziak erakutsi digu bizitzaren azken etapan geroz eta hobeto funtzionatzen laguntzen digun altxorra dugula: burmuina, alegia. Baina, trebetasun guztien antzera, burmuina benetako altxorra izatera heltzeko, egunero elikatu behar dugu jakin-minez, ilusioz eta ontasunez. Horixe da Rita Levi Montalciniren “El As en la Manga” liburuaren ardatza. 

Ondorio horietara heldu ahal izateko, aldez aurretik zahartasunaren inguruan idatzi izan diren ideia pesimistak desmuntatu behar izan dira. Adibidez, autore batzuen ustetan, zahartasuna ulertzeko modu bakarra gaitasun fisiko eta psikikoen galera dakarren bizitzaren unea bezalakoa da. Geroz eta azkarrago garatzen doan gizartean, adinekoen “erabilgarritasuna” mugatutzat har daiteke, ez baitira gizartearen eskaera berrietara egokitzen. Gainera, belaunaldi berrientzat “baliagarriak ez diren” informazio eta jakintzen igorle gisa ikusi izan dira. Ikuspegi horretatik egungo zenbait gertakari ulertzen dira: adineko pertsonen isolamendua, tratu txarra eta utzikeria. 

Aitzitik, bestelako kulturetan (gaizki deituak “garapen bidean daudenak”), adinekoak ez daude baztertuta, ezta isolatuta ere. Izan ere, euren papera garrantzitsua da komunitateen ongizaterako, beste adin taldeekin batera. 

Nahiz eta osasunaren garrantzia ordainezina den bizitzako etapa guztietan, zahartasunean are eta pisu handiagoa duela gogorarazten ditu Levi-Montalcinik. Baina ez osasun fisikoak bakarrik: bizitzaren azken etapa ondo eta osasuntsu bizi ahal izateko, gure burmuinaren mekanismoak ezagutzea ezinbestekoa dela dio neurozientzialariak. Izan ere, edozein tresnaren erabilera egokia egiteko, lehenengo urratsa horren egitura eta funtzionamendua ezagutzea da. Horregatik, berebiziko garrantzia du jakiteak gure burmuina osatzen duten milioika konexioak ez direla adinarekin desagertzen, baizik eta espezializatu egiten direla. Hau da, burmuinaren oinarrizko gaitasun plastikoek zahartasunean diraute, nahiz eta intentsitate ezberdinarekin izan (haurtzaroarekin konparatuta). Beraz, ez gara mentalki traketsagoak bihurtzen adinarekin, ez, behintzat, horrela ez badugu pentsatzen. 

Liburuaren egilea, Rita Levi-Montalcini, ilusioz eta jakin-minez beteriko 103 urtez bizi izan zen, eta bildutako ebidentzia guztien eredu bikaina da. 1986an medikuntzako Nobel saria jaso zuen, nerbio sistemarako oso garrantzitsua den proteina bat aurkitzeagatik. Eta 2020tik aurrerako urteetarako kalitatezko bizitza izan ahal izateko pistak oparitzen dizkigu gaur, bihar, etzi eta etzidamuko pertsonoi.

Egilea: Andrea Khalfaoui