Ikerketa anitzek azpimarratu dute eskolek izan dezaketen rola egoera larriagoetan dauden familien ongizatea sustatzeko eta hezkuntza-hobekuntzak bermatzeko. Gauzak horrela, Girbés-Pecó, Gairal-Casado, eta Torrego-Egido ikertzaileek estatu-mailan baztertuagoak izan daitezken taldean zentratzen dira: ikasketa-maila baxua duten emakume ijito eta marokoarrak. Konkretuki, zortzi eskolak aurrera eramaten dituzten familien formakuntza-programetan euren parte-hartzeak duen inpaktua aztertzen dute. Eskola konkretu horiek familien formakuntza aurrera eramateko nazioarteko ikerketen emaitzetan oinarritzen dira: alde batetik, gaitasun instrumentalei lehentasuna ematea, eta bestetik, parte-hartzaileen beharrei erantzutea.

33 emakume ijito eta 18 marokoarrek parte hartu zuten ikerketan. Emaitza nagusiak dira familien formakuntzak hezkuntza-hobekuntzekin lotuta daudela. Alde batetik, emakume parte-hartzaileen ikuspegitik, garapen linguistikoa hobetu zuten. Bestalde, haien autoestimuak ere hobera egin zuela zioten, euren sare sozialak eta autonomia indartzearekin batera.

Ikerketak azpimarratzen duenez, giro dialogikoa eta positiboa sustatzeko irakasleek egindako ahaleginen ondorioz, emakumeak lagunduta, onartuta eta babestuta sentitu dira formakuntza-saioetan. Honekin batera, emozio positiboek zenbait oztopo pertsonal gainditzen lagundu dute (hala nola autokontzeptu eta autoestimu baxuak). Gainera, oinarrizko konpetentziak gainditzeak emakume askoren segurtasuna eta autonomia suspertzea ekarri du. Ondorioz, haien bizitzen zenbait alorretan rol aktiboagoak hartzen lagundu die, bai eta eskolako testuinguruan erabakiak hartzeko indarra handitzen ere.