Batera arraunean, ikaskuntza dialogikoaren 7 printzipioak bizirik mantentzeko

Konfinamendu-egun hauetan, indarra batera arraun egiteko erabili dugu, hezkuntza-komunitate sendoa, segurua eta solidarioa mantentzeko, eta ikaskuntza dialogikoaren 7 printzipioak transferitzeko. Badakigu bakarrik ezin dugula; horregatik aliatuak bilatzen hasi ginen familietan, eta partaide eta lider egin genituen hasieratik. Talde bakoitzeko ordezkariekin, amets bat jarri genuen helburutzat: komunitate osoa zaintzea, haurrik eta familiarik bakarrik ez uztea, pertsona zaurgarrienengan arreta berezia jartzea, baita dagoeneko bakarrik zeudenengan, desgaitasuna duten ikasleengan eta gure behar handiena izan dezaketen horiengan ere. Hala, ordezkari bakoitza arduratu da hori zaintzeaz, eta elikadura- eta hezkuntza-beharrak, konektatzeko zailtasunak eta antzekoak jakinarazteaz eta helarazteaz ere bai.  Haiek lortu dute guk bakarrik lortzen ez genuena.

Tutoretzapeko liburutegia espazio birtualera eraman dugu, eta konexioak egiten ditugu egunero talde bakoitzean. Asteko lanak egiten laguntzeko, familiek eta irakasleek (ingelesekoak eta gorputz-hezkuntzakoak ere bai) parte hartzen dute, eta batera zalantzak argitzen ditugu eta aurrera egiten dugu. Ama batek hau esan zigun: “eskerrik asko konektatuta egoteko ideiagatik, benetan behar genuen”. Eta haur batek honako hau esan zigun: “gehien gustatzen zaidan eguneko mementoa da”.

Literatura-solasaldi dialogikoak ere astean behin egiten jarraitu dugu, eta haietan bizitzen ari diren egoerarekin lotutako elkarrizketak atera dira. Haur batzuek esan zuten Odisean Ulisesek eta Telemakok hainbat urte igarotzen dutela elkarrekin egon gabe, eta elkar ikusten dutenean ematen diotela besarkada elkarri. Gu ere gure gertukoak ezin ikusi gabiltza orain; urrunetik elkar zaintzen jarraitzen dugu, eta gogoa dugu elkar ikusteko. 

Irakasleen pedagogia-solasaldi dialogikoak ere transferitu ditugu, astean behin egiten jarraitzen dugu. Freireren Cartas a quien pretende enseñar liburua bukatu dugu, eta ebidentzietan oinarritutako artikulu eta irakurgaiekin jarraitzea erabaki genuen. Bell hooks-en All about love liburuaren 6. kapitulua irakurri eta eztabaidatu dugu, baita Harvardeko Haurren Garapenerako Zentroaren artikulu bat ere, “Sakea eta bolea” garapen mentalerako 5 urratsi buruzkoa, une honetan familiei hobeto aholkatzeko helburuarekin. Solasaldi horiek oso lagungarriak dira guretzat memento honetan; irakasle batek honela azaldu zuen:

“Gauza asko esan nahi du. Lankideekin harremanetan egoteak eta prestatzen jarraitzeak egoera hau hobeto ulertzen, balioesten, eztabaidatzen… laguntzen digu hain egoera zailaren aurrean… Eta, beti bezala, pertsona eta irakasle gisa hobetzen ere bai”.

Azkenik, bizikidetzarako batzorde mistoaren lana mantendu da bizikidetza-eredu dialogikoaren lanarekin jarraitzeko. Aurten laguntasuna lantzen ari ginen ordezkarien eta gelako batzarretan, Diario Feministaren hiru artikuluren irakurketa eta eztabaidaren bidez. Batzar bakoitzaren aktetatik, ondorioak atera ditugu eta kartel bat prestatu dugu lan hori hezkuntza-komunitate osoari helarazteko. Era berean, urte hauetan egindako lana zabaldu dugu kartelen bidez, bizirik eta gertu mantentzeko indarkeriarik eza erakargarri egiten duten mezuak, eta gogorarazten digutenak jokaera ausarta dela laguntza eskatzea, behar izanez gero edo uste izanez gero beste pertsona batek behar duela, uneoro bakarrik ez gaudela gogorarazteko. Talde batzuetan, eguneroko konexioen hasieran, 0 indarkeriako ausarten kluba sartu dugu, eta momentuz haien etxeetan edo auzokideekin egiten ari diren elkartasun-ekintzak partekatzen ari dira, taldeak asko balioesten dituenak. Eredu dialogikoaren barruan, familien eta irakasleen elkarrizketa-espazioarekin jarraitu dugu; han genero-indarkeriaren prebentzio-sozializazioari buruzko solasaldi dialogikoak egiten genituen. Egungo egoera kontuan hartuta, irakurketa-espazioetan nahi duen auzoko edo komunitateko edozein pertsonak parte har dezake, ez bakarrik eskolakoek. 

Esan genezake elkartasuna eta laguntasuna direla gure itsasargia eguneroko bidaia honetan, bakarrik ez gaudela transmititzeko eta erakusteko.

Comunidades de Aprendizaje web orrialdetik itzulita.

Egilea: Sara Carbonell. L’ Escolaica ikastetxeko zuzendaria

Captura de pantalla 2020-01-07 a las 1.31.53

Be the first to comment on "Batera arraunean, ikaskuntza dialogikoaren 7 printzipioak bizirik mantentzeko"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*