John Dewey (Burlington, Vermont, 1859New York, 1952) XX. mendearen lehen erdiko filosofo estatubatuarrik garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Era berean, pedagogia aurrerakoiaren figura eraginkorrena izan zen bere herrialdean.

Dewey ekintza-gizon gisa katalogatu zen, pentsamendua eta ekintza, teoria eta praktika bateratzearen alde egin baitzuen. Emakumearen berdintasuna defendatzeaz eta irakasleen sindikalismoa sustatzen ere aritu zen. Gainera, jazartzen zituzten erregimen totalitarioen ondorioz, haien herrialdeetatik erbesteratuak izan ziren intelektualentzako laguntza sustatu zuen.

Jatorri apaleko kolonizatzaile-familia batean hazi zen. 1879an Arteetan graduatu zen Vermonteko Unibertsitatean; ondoren, eskola-maisu izan zen Pennsylvanian; gero, filosofia ikasi zuen, eta, 1884an, doktoretza lortu zuen Kant filosofoari buruzko tesi bati esker. Deweyk bere ibilbide profesionala hainbat unibertsitatetan garatu zuen (Michigan, Minnesota, Chicago, New York eta Columbia), filosofia- eta pedagogia-arloetan.

Honela definitzen zuen hezkuntza: “Gizartea eraldatzeko tresna bat eta aurrerapenaren funtsezko metodo bat, non maisuak, irakastean, gizabanakoak hezteaz gain, bidezko gizarte-bizitza eratzen laguntzen duen”. Haren proposamena esperientzian eta ekintzan oinarritu zen eta haren helburua demokrazian bizitzeko gai ziren hiritarrak eratzea izan zen.

Alice Chipmanek, haren lehen emazteak, Michigango zenbait eskolatan irakasle gisa urteak igaro izanak zituen, Deweyk ezagutu zuenerako. Alicek eragin handienetariko bat izan zuen Deweyren ideia pedagogikoen eraketan. Horrela azaltzen da haren interesa eskola publikoarekiko.

Chicagoko unibertsitatean bertan eskola esperimentalaren proiektu bat aurrera eraman zuen (University of Chicago Laboratory Schools izeneko laborategi-eskolak). Deweyren arabera, laborategi horien erronka zen aurkitzea “eskola bat nola bihur litekeen komunitate kooperatibo, gizabanakoen gaitasunak eta beharrak asetzen dituen bitartean”.

Eskola horretan, haurrek, adinaren araberako taldeetan banatuta, ekoizpenaren eta praktikaren munduarekin lotutako zereginak garatzen zituzten, “okupazioak” deitzen ziena. Proiektu horretan eskola eta demokrazia artikulatzeko proposamena aurrera eraman ahal izan zuen. Deweyk pentsatzen zuen bere garaiko hezkuntza sistemak ez zuela prestakuntza egokirik ematen, gizarte demokratiko batean bizitzara egokitzeko; izan ere, indibidualismoa indartzera bideratzen zen (Deweyk, ostera, “prestakuntzaren agentzia demokratiko” gisa ulertzen zuen eskola). Uste zuen hezkuntzak ez zuela etorkizuneko bizitzarako prestakuntza hutsa izan behar, baizik eta haren garapenean zentzu osoa eman eta eduki behar zuela. Gainera, ikasleen dibertsioa eta entretenimendua nabarmentzen zuen irakaskuntza kritikatu zuen, baita mundu profesionalerako orientazio esklusiboa zuena ere. Deweyk, aldiz, gizarte-bizitzako esperientzia garrantzitsuak ekoizteko eta hausnartzeko espazio gisa ulertzen zuen eskola, erabateko herritartasuna garatzeko aukera ematen duena.

Testigantza guztien arabera, Deweyk arrakasta nabarmena izan zuen eskola esperimentalean komunitate demokratikoa sortzeari dagokionez. Haurrek beren proiektuen plangintzan parte hartzen zuten. Plangintza hori egiteko lanaren banaketa kooperatiboa egiten zen, eta zuzendaritza-funtzioak txandaka hartzen zituzten beren gain. Espiritu demokratikoa sustatzen zen, ez bakarrik eskolako ikasleen artean, baita bertan lan egiten zuten helduen artean ere.

Deweyk planteatzen zuen haurren zein helduen ikaskuntza lortzen zela egoera arazotsuekin konfrontazioan oinarrituta lortzen zela, eta egoera horiek pertsonaren interesen ondorioz agertzen zirela.

Irakaslearen rolari dagokionez, Deweyk adierazi zuen irakaslea arduratu behar zela ikaslearentzako ingurune estimulatzaileak sortzeaz. Hori egitean, maisuak ikasleek jarduteko duten gaitasuna garatu eta bideratu zezakeen, berarentzat ikaslea subjektu aktiboa delako (Democracy and Education, 1916). Maisuak curriculumeko edukiak ikasle bakoitzaren interesekin lotzeko lana egin behar zuen. Deweyren ustez ezagutza ezin zen modu errepikakorrez transmititu, eta ezin zen kanpotik inposatu.

Aditu askoren ustez, hezkuntzaren arazoa Deweyk zioenean oinarritzen da gaur egun ere, hau da, eskola gehienen arazoa ez da gizartea eraldatzea, erreproduzitzea baizik: “Gaurko ikasleei irakasten badiegu atzokoekin egin genuen bezala, etorkizuna lapurtuko diegu”.

Egilea: Alfonso Caño

alfonso