Artikulu askotan errepikatu den bezala, ebidentzia zientifikoek jakinarazi digute lekukoen interbentzioa ezinbestekoa dela genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko. Baina, zergatik dago lekukoek esku ez hartzeko joera? Zer elementuk eragiten dute hori? Eta nola laguntzen du indarkeria eta jazarpenaren kontra aktiboak izateko? Banyard, Thornberg eta kideek galdera horiei erantzuteko ikerketak egin zituzten, eta eragin zuzena duten zenbait elementu badirela topatu zuten. Honako hauetan laburbil daitezke lekukoek indarkeria-egoeretan esku hartzeko aukeretan eragiten duten elementuak:

  • Biktimari erantzukizuna esleitzen bazaio: zenbat eta erantzukizun handiagoa egotzi, orduan eta biktimarekiko enpatia-sentimendu gutxiago sortzen dira, eta horrekin, esku hartzeko aukerak ere gutxitzen dira.

  • Testuinguru sozial bakoitzean esku ez hartzea edo kontrakoa egokiagotzat jotzen duten gizarte-ereduak edo arauak: alderdi horretan erasotzailearen estatus sozialak ere zerikusia duela esan daiteke, eragin handia duela, eta, beraz, lider positiboen zeregina oso garrantzitsua da.

  • Audientziaren inplikazioa edo jarrera erasoan: gozatzen badute, kitzikatzen badute eta erasoa gertatzea desiratzen badute, ez da egongo horren aurka egiteko aukerarik.

  • Erantzukizuna zabaltzea: pertsona gehiago badaude, egoera kritikoetan esku hartzeko joera txikiagoa dute pertsonek, bakoitzak uste baitu beste batek esku hartuko duela

  • Egoera pribatuak direla uste izatea; adibidez, bikotekidearen gauzak direla pentsatzea, emakumeak jakingo duela, edo ez duela nahi inork jakitea, edo haien artean konpondu behar direla uste izatea.

  • Arriskuen ebaluazioa: esku hartzen duenarentzat arriskua egon daitekeela hautematen bada, esku hartzeko joera txikiagoa egongo da.

  • Adibidez, biolentzia ez identifikatzea ezjakintasunagatik edo identifikatu nahi ez izateagatik.

  • Seinaleei jaramonik ez egitea egoera anbiguo baina arriskutsuetan. Ez ikustea naturalizatzeagatik, ezjakintasunagatik edo identifikatu nahi ez izateagatik.

  • Nork bere buruan segurtasuna izatea: beren gaitasunetan konfiantza badute esku hartuko dute pertsonek.

  • Nola esku hartu edo lagundu ez jakiteak interbentzioa zailtzen du.

  • Modelatzea. Lekukoek parte hartzeko aukera gehiago izango dute eredu eraginkorrak ikusi badituzte.

  • Erasotzailearekin edo biktimarekin harreman estuagoa izatea. Erasotzailearekiko adiskidetasunak zaildu egiten du esku hartzea; biktimarekiko adiskidetasunak, berriz, laguntzeko aukerak areagotu egin ditzake.

Lekukoen parte-hartzea bultzatu nahi badugu, elementu horiek guztiak landu behar dira: parte hartzeko estrategiak landu, beren burua arriskuan ez jartzeko estrategia egokiak bilatu, biktimari erantzukizuna kendu, bigarren mailako jazarpenari aurre egin eta biktimekiko adiskidetasuna bultzatu, besteak beste.

Egilea: Garazi Álvarez