Dislexia irakurketarako zailtasuna dakarren nahastea da, eta iturri neurologikoa du. Azken urte hauetan ikertzaileek behin betikotasunez inteligentziarekin erlaziorik ez duela aurkitu dute. Alferkeriarekin ere ez du erlaziorik, nahiz eta irakasleek ematen dieten kalifikazio ohikoena izan, zoritxarrez. Ikertzaileek dislexikoen burmuin-funtzionamendu akastuna deskribatu dute, burmuineko aktibitatea erregistratzen duten gailuei esker. Horrela izanik, dislexiadun eta dislexia gabeko burmuinak ezberdintzeko gai dira. Miraria dirudi, ezta?

Zientziak dislexiaren inguruan eman dituen azken aurrerapausoen artean, prebentzioa azpimarratuko nuke. Baina prebenitu al daiteke neurologikoa den nahaste bat? Ba, bai, hala dirudi, dislexiaren inguruan ospe handiko ikerketek erakutsi dituzten ebidentziei begiratzen badiegu. Burmuinaren funtzionamendu desegokia bideratzeko gaitasuna daukate irakurketara zuzendutako etxeko elkarreraginek. Home Literacy Environments (HLE) deitzen diete etxeko giro horiei, zeinetan familiako partaideek Haur Hezkuntzako umeei letren izenak eta soinuak irakasten dizkieten, eta hitzen irakurketa eta liburuen irakurketa partekatua bezalako jarduerak egiten diren.

Ikerketa horretan, familiaren irakurketa-historia ezagututa, dislexia-arriskua zuten ikasleak detektatu zituzten. Haietako batzuei alfabetatzera bideratutako etxeko giro (HLE) horiek eskaintzen zitzaizkien. Emaitza harrigarria izan zen: tratatutako ume horiei burmuineko eremu egokiak aktibatzen zitzaizkien, dislexia gabeko ikasleei bezalaxe. Hurrengo urtean emaitzak findu zituzten, eta etxeko alfabetatze horren arrakasta, bereziki, irakurketaren irakaskuntza formalagatik zela frogatu zuten, eta ez horrenbeste umeei liburuak irakurtzeagatik. 

Berri hori ikaragarri ona da. Ramon y Cajalek zioena, “gizaki oro izan daiteke, nahi badu, bere burmuinaren zizelkaria”, baiezta daiteke ikerketa horien emaitzetan. Txiki-txikitatik sortutako giroak eta ikasketek burmuinean dauden aldez aurretiko joera genetikoak eraldatzen dituztela ikusi da. Horra hor beste froga bat erakusten diguna irakurketa, zalantzarik gabe, 0 urtetik sustatu behar dela familian eta eskoletan, eta, batez ere, maila sozioekonomiko baxua edo dislexia-arriskua duten kasuetan. Familia mota horiek detektatzean eta giro horiek sustatzean datza arrakastaren gakoa.

Egilea: Gontzal Uriarte

foto2 (1)