Ysgol Plascrug Komunitateko Eskolak Britaniar Inperioko Ordenaren begirunea lortu du

Ysgol Plascrug Komunitateko Eskola Aberystwyth hirian dago, Ceredigion lurralde historikoan. 448 ikasleko eskola Aberystwyth multikulturalaren sinbolo bat da, atzerriko herrialdeetako ikasleen laurden inguru duelako, 38 herrialde daudelako ordezkatuta eta 27 hizkuntza hitz egiten direlako.

Eskola guk ezagutzen ditugun eskola publikoen antzekoa da, bertako hezkuntza-agintaritzak kudeatzen du, Galesko curriculumari jarraituz. Ysgol Plascrug erdibideko eskola ingelesa da, baina garrantzi handia ematen zaio galesari eta eskolako ikasle haurren ama-hizkuntzei. Ikasleen % 5ek galesa erabiltzen du etxean. Ikasleen % 9k jantokiko beka jasotzen du, batezbesteko nazionalaren azpitik. Bestalde, eskolak detektatu du ikasleen % 34k ikasteko zailtasunak dituela, batezbesteko nazionalaren gainetik. Eskola aitzindaria da Galesko gobernuarekin eta beste eskola batzuekin lankidetzan jarduten curriculumaren garapenean.

Ysgol Plascrugeko ikasle guztiek hobekuntza bikainak egiten dituzte Galesko Ikuskaritzaren hitzetan. “Inplikatuta dauden alde guztien lan gogorra eta konpromisoa islatzen du, ikasle bakoitzak kalitate handiko ikaskuntza-esperientziak dituela bermatzeko, ikasle independente eta seguru gisa garatu ahal izateko”, zuzendariaren hitzetan. Zuzendaritza-taldeak maila altuko espektatibetan eta ongizatean oinarritutako estrategia sendoa eta iraunkorra jarri zuen martxan, eta hezkuntza-komunitate osoa hobekuntza jarraituaren ikuspegiarekin bat etorri zen. 

Ondorioz, ikasle eta irakasleen arteko harremanak apartak dira, eta ikasleek eskola familia balitz bezala sentitzen dute, hezkuntza-erabakien parte direlako. 

Galesko gobernuak sustatutako “Sormenezko Eskolak Zuzendu” programa indibidualizatuari ere jarraitzen diote. Programaren helburua ikasleen arte-esperientziak eta -aukerak sustatzea eta hobetzea da. Programa ikas-irakas esperientzian zentratzen da, ikasleek goi-mailako kalitatezko hezkuntza-esperientzien onurak jaso ditzaten. Programa nazionala izan arren, eskola bakoitzaren ezaugarri, erronka eta asmoetara egokitzen da. Kirsti Williamsen (Galesko Hezkuntza Kabinetearen Ministroa) hitzetan, “jatorriari dagokionez maila sozioekonomiko baxua duten ikasleen eta beren berdinen arteko lorpen-desberdintasuna murriztea eginkizun nazionalaren helburua da hezkuntza-maila handitzeko…” 

Neurri horiek guztiak Menna Sweeneyek jarri zituen abian, Ysgol Plascrugeko zuzendari gisa. Mennak 39 urte eman zituen eskolan, eta espektatiba altuak sustatu zituen. Horren ondorioz, erretiroa hartu berri duenean, aniztasuna islatzen eta goresten duten ikasleei ikasteko aukerak emateagatik, Britaniar Inperioaren Saria jasoko du. Sweeney andrea Britaniar Inperioko Ordenaren kide izendatu dute zerbitzuak emateagatik Galesko hezkuntzari.

Egilea: Iraitz Hurtado

Iraitz_kaiera

Be the first to comment on "Ysgol Plascrug Komunitateko Eskolak Britaniar Inperioko Ordenaren begirunea lortu du"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*