Pedro Mª de Otaño ikastetxean tertulia kurrikularrak egiten ditugu.   Pasaden azaroaren 16an, Iruñean  horri buruzko gure esperientzia aurkeztu genuen 6. mailako ikasleekin  eta ondoko hau kontatu zuten:

“Gure gelan, normalean, Naturaren eta Gizartearen Zientzietan lantzen ditugun  gai guztien inguruan. Gai berri batekin hasi aurretik, gai horri buruz dakiguna partekatzen dugu eta jaso egiten dugu gero, gaia  bukatzen dugunean, zenbat ikasi dugun alderatzeko.   

Tertulia prestatzeko testu bat irakurtzen dugu etxean. Testuak  ez dira oso  luzeak izaten, 3 edo 4 orrialdekoak. Irakurtzen dugun bitartean paragrafoak azpimarratzen ditugu tertulian partekatzeko. Hiru paragrafo mota azpimarratzen dugu:

  • Ulertzen ez duguna.

  • Berria den zeozer, ez genekielako.

  • Ezagutzen dugun zeozer, irakurri dugunaren inguruan informazio gehiago dakigulako eta komentatu nahi dugulako edo beste gairen batean ikasitakoarekin zerikusia/lotura duelako.

Tertuliak hasi aurretik  aukeratutako paragrafoak pixka bat errepasatzen ditugu gogoratzeko zergatik aukeratu ditugun, hau da, gogoratzeko partekatu nahi ditugun argudioak, eta hasten gara.

Lehendabizi, ulertzen ez ditugun paragrafoak partekatzen ditugu. Hasieran ulertu dutenek azaltzen dituzte, argudioak ematen dituzte eta denon artean komentatzen ditugu denok ulertu arte. Gure artean ez bada argi gelditzen, irakasleak esaten digu edo informazio gehiago bilatzekotan gelditzen gara.

Ondoren, berriak diren ideiak partekatzen ditugu. Batek bere paragrafoa irakurtzen du, bere azalpena ematen du, eta gainontzekoak ere ulertu duguna gehitu dezakegu. Denok ez badugu berdin ulertu tertulian argitu  egiten dugu eta horrela ikasten goaz.

Horretaz gain, aukera izaten dugu gaiaren inguruan beste informazio berriren bat ekartzeko. Hau oso interesgarria izaten da eta gai pila bat ateratzen dira. Adibidez, orain Europa lantzen ari gara eta azkeneko tertulian gai anitzi buruz hitz egin genuen: XV. mendeko aurkikuntzak, kolonizazioa, 2. mundu guda, komunismoa eta fazismoa.

Amaitzeko, beti ikasi dugunaren ideien laburpena egiten dugu. Tertulia normalean saio batean egiten da, baina bukatzen ez badugu  hurrengoan jarraitzen dugu.

Tertulia egin eta gero, hurrengo saioetan jarduera anitzak egiten ditugu gai honen inguruan. Orain Europarekin ari gara eta eskemak eta mapak egiten ditugu, ariketa desberdinak atlasekin, arbel digitalean, ordenagailuan horma-irudiak…

Gure gelan tertuliei buruzko geure iritziak partekatu genituen, eta hona hemen esandakoen adibide batzuk:

“Nik bakarrik irakurtzen dudanean baino hobetu ulertzen ditut gauzak”.

“Modu batean ulertu dudana, tertuliari esker, beste modu batean dela konturatzen naiz”.

“Irakurtzen duguna esplikatuz denok zentzua harrapatzen diogu”.

“Askoz errazago ikasten da, hitz egiten ari gara eta konturatu gabe ikasten dugu.”

“Entzundakoak hausnarketak egiteko eta beste gauzekin loturak egiteko balio digu.”

“Pentsarazi egiten digu eta arrazoitzen ikasten dugu”.

“Komunikatzen ikasten dugu,  jende aurrean hitz egiten, txandak errespetatzen…”

“Nik tertulian ikasi dut tertuliak eginez asko ikasten dela”.

Egileak: Pedro Mª Otaño