Ikaskuntzaren aldamiajea eraginkorra izan dadin

Bakarka egin ezin duguna besteen laguntzarekin egiteko gai izaten gara batzuetan. Hori da aldamiajearen ideiaren funtsa. Baina ez du beti ondo funtzionatzen. Baldintza batzuetan ez da eraginkorra.

Amsterdameko Unibertsitateko Janneke van de Pol, Monique Volman eta Jos Beishuizen ikertzaileek analizatu egin dituzte ikaskuntzaren aldamiajeari buruz hainbat urtez egin diren azterketak, 66 artikulu guztira, eta ondorioztatu dute ikaskuntzaren aldamiajeak, funtsean, lau ezaugarri dituela: 1) ikasleak momentuan daukan ezagutza handitu egiten du aldamiaje-prozesuak, 2) ikasleari aldamiaje-prozesuan zehar ematen zaion laguntza gradualki kentzen da, 3) ikasleak gradualki hartzen du bere gain jardueraren gaineko ardura, eta 4) jardueran zehar jasotzen duen laguntzari esker, ikasleak barneratu egiten du prozesuaren hasieran ez zeukan ezagutza.

Aldamiajea gauzatu dadin, ezinbestekoa da interakzioa, baina ez edozein motatakoa. Baliagarria izan daiteke hartu-eman horretan eredu onak ematea, galderak egitea, feedback-a ematea, argibideak ematea eta azalpenak ematea. Halaber, aldamiajeak funtziona dezan funtsezkoa da arreta mantenaraztea, informazio garrantzitsuena nabarmentzea eta frustrazio-maila kontrolpean mantentzea. Edonola ere, oraintxe aipatu ditugun horiek erabiltzeak ez du derrigorrez esan nahi ikaskuntza aldamiatzen ari garenik. Aldamiajeaz ari garela esateko, ezinbestekoa da ikaslearen ezagutzan aurrerapausoak ematea, laguntza gradualki kentzea, ikasleak ardura gradualki bere gain hartzea eta ikasleak ezagutza bere egitea.

Beraz, irakasle batek ikasleei galderak egiteak, argibideak emateak edo azalpenak emateak inola ere ez du esan nahi automatikoki aldamiajea gertatzen ari denik. Ikasleek bete-betean parte hartu behar dute ataza horretan eta, gainera, etekin garbia atera behar diote ikaskuntzaren aldetik. Horregatik, nekez funtziona dezake hainbat egoeratan: adibidez, irakasleak talde osoaren aldamiajea bere gain hartzen duenean, edo taldekako lanak fundamentuz egiten ez diren ikasgeletan.

 

Zorionez, gero eta ezagunagoak dira aldamiajea benetan funtzionarazten duten eredu arrakastatsuak.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri

Be the first to comment on "Ikaskuntzaren aldamiajea eraginkorra izan dadin"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*