Normalean kongregazioetan fede bereko kideak bakarrik daudela imajina dezakegu. Rutgers Presbyterian Church-en, ordea, ez da hala gertatzen: eliza hartan egiten diren bileretan, presbiteriar fededunez aparte, katolikoak, juduak eta erlijio gabeko pertsonak elkartu ohi dira.

Eliza nahiko txikia da, eta Manhattaneko Upper West Side-n dago. Azaltzen dutenez, eliza liberal eta irekia da, eta bakea lortzeko lan egiten da bertan. Hortaz, han sortu den komunitatea fedea ez diren beste balioek lotzen dute, eta justizia soziala bilatzen duten ekimenak egiten dituzte, besteak beste, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ari dira, behartsuentzako elikadura-programak egiten dituzte eta familia errefuxiatuentzako laguntza-talde bat daukate. Era berean, Irak eta Afganistaneko gudak amaitzeko eskatzen dute, tortura mota guztien kontra daude, LGBT komunitatearekin lotutako erakundeei laguntza ematen diete, eta era guztietako orientazio sexualak eta haien eskubideak babesten dituzte.

Adibide gisa, Katharin Butler artistak The New York Times-i kontatu zionez, kasualitatez elizaren kanpoan zegoen kartel bat ikusi zuen, klima-aldaketaren aurkakoa. Horrek erakarri zuen bertan egiten ziren ekintzetan izena ematera: “Ezin dut sinetsi hau egiten ari naizenik. Oso atsegina da horrelako komunitate bat aurkitzea”.

Azken urteetan, gurtzarako gero eta espazio gehiago (kristau elizak edo sinagogak, adibidez) identifikatzen ari dira aktibismorako indar gisa. Kasu batzuetan, fededunen kopurua murriztu denez, elizek daukaten espazioa modu anitzetan erabiltzeko aukerak bilatzen ari dira.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251