Gaurkoan Miren Artetxeri egindako elkarrizketaren bigarren atala daukagu.

– Bertsolariek sarritan izaten duzue iritziak eta usteak bertsoz adierazteko tartea.Horrek sarri jarrera kritikoz eta konpromisoz jokatzea eskatzen du, betiere ikuspuntu gaurkotu batetik. Nola lantzen eta prestatzen dira halako gaiak bertso-eskoletan?

Berez, nik uste dut maila makroan bertsolariaren irudia gizartearekiko kritiko izatearena dela, herriaren ahotsa izatearena. Plazetan gai baten inguruan bertsotan dagoenak hiru aukera ditu: alde batetik, gizartean dagoen errealitate bat erreproduzitzea bertsotan, bestetik, gizartean dagoen errealitate bat kritikatzea bertsotan, zuzenean ala zeharka, edo, egin dezake, era berean, gizartean hain presente ez dauden edo bazterrekoak diren zenbait errealitate bistaratu edo mundu berriak eraiki bere diskurtsotik. Orduan amiratzen dugu bertsolaria, batez ere, azkeneko bi horiek egiteko gai denean, lotzen dugulako bertsolaritza kritikotasun batekin eta munduaren irakurketa filtratu bat eskatzen diogulako bertsolariari.

Maila makroan horrela irakurtzen denez, bertso-eskolan elementu horiek erreproduzitu egiten dira, askoz modu oinarrizkoagoan, beharbada, baina, adibidez, nabaritzen da, eskolarteko txapelketetako gaien analisia egiten bada, gai asko sozialak direla eta helduen problematikak eskatu izan zaizkiela oso gaztetatik bertsolari gazteei. Oso ohikoa da, adibidez,  gai hau jartzea: “zu baserritarra zara, eta hona multinazional bat etorri da zure lurrak erosi nahi dituela esanez”.

Eta, orduan, zer gertatzen da bertso-eskoletan? Holako gai bat jartzen dizutenean, bi aukera daude: gaia aurrez landuta eta iritzi bat osatuta daukazu ala ez daukazu, eta orduan konturatzen zara. Etengabeko dialektika-joko horretan zuk pentsatu behar duzu rol horretan zer esango zenukeen, besteak zer esan diezazukeen, eta nola erantzungo diozun horri.

Gazteei egindako elkarrizketan azaltzen da bertso-eskola pentsamendu kritikorako espaziotzat hartzen dutela. Askotan entzuten da ideia hau: “nik nire lagunekin honetaz ezin dut hitz egin, baina bertso-eskolan bai”. Bertso-eskola horretarako espazioa da. Eta hor, uste dut, alde batetik, operatzen duen balio-sistema bat dagoela, baina, bestetik, praktikak ere eramaten duela norbera horretara.

– Kasu konkretu batera etorrita, zure ikerketa-lanetara, hain zuzen, nolako eboluzioa izan du genero-ikuspegiak gaurko bertsogintzan? Zerk eragin du aldaketa, zure ustez? Gizarte-ereduarekin batera aldatuz joan den beste aldaketarik azpimarratuko zenuke?

Egia esan, bertso-munduari buruz genero-ikuspegitik egin dudan ikerketa oso-oso txikia da. Batik bat bizipenetan oinarritua dago. Nik, emakume bertsolari gisa eta emakume bertsolariek sortutako espazio desberdinetan parte hartuta, ikusten dut kanpotik eboluzio handia egon dela azken 15-20 urteetan.

Bertso-eskolen sorreratik, azkenean, demokratizatu egin da, neurri batean, bertsolaritzarako sarbidea. Lehen ez zegoen emakume bertsolari erreferenterik, ez plazan ez inon. Nahiz eta beti egon diren, ez dira jendaurrean azken hamarkada luzeetan ikusi. Oso zaila zen emakumeentzat bertsolari izatera iristea. Bertso-eskolak sortu diren momentutik, ikusi da ate hori ireki egin dela, nahiz eta desparekotasunak erreproduzitzen dituzten mekanismoak egon. Urte askotako inertzia da gizonek gizonentzat eraikitako espazio bat izan dela bertsolaritza. Gaitegia Ikusi besterik ez dago, esaterako. Hala ere, eboluzioa egon da, eta gaitegiei dagokienez, adibidez, lehen ez zegoen ia-ia “emakumezkoen” gairik. Emakumeek plazara salto egin dutenean, bestelako gaiak ere azaleratu dira.

Nik uste dut orain askoz errazagoa dela bertso-eskolan dabilen neska batentzat etorkizunean bere burua bertsolari gisa proiektatzea, duela 20 urte baino. Bai erreferentziei dagokienez, emakumeen gorputzak ikusten direlako oholtzan eta emakumeen ahotsa normalizatu egin delako, bai gaitegiari dagokionez. Ez du esan nahi oraindik mutilentzat bezain erosoa denik bertso-mundua neskentzat, baina orain dela 20 urte baino gehiago bai.

– Bertso-eskoletako ikasleek izaten dute eboluziorik komunikazio- eta harreman-gaitasunetan?

Nik, batez ere, linguistikoki eta identitatean izan dezakeen eragina ikusten dut, praktika kultural gisa. Baina praktika soziala da oinarrian. Beraz, bertso-eskolakoa etengabeko taldeko jarduera da. Plazara jauzi egiten duzunean ere, taldeko kontua da. Zuk bertsotan ezin duzu bakarrik egin. Bertsotan zenbat eta gehiago trebatu, orduan eta gehiago trebatzen zara sozialki. Bai bertsokidearekin, bai publikoarekin. “Zer entzun nahi du publiko honek?” “Zer esan nahi diot nik?”. Bertso-saio batera joaten zarenean ere, kantatzen duzun mementoa gutxienekoa da. Denbora gehiago pasatzen duzu kotxean bertsokidearekin, antolatzailearekin oholtzara igo aurretik… eta oholtzatik jaitsi eta gero ere segitu behar duzu sozializatzen.

Egilea: Maite Santiago