Duela urtebete, hezkuntzari buruz egunero hitz egiteko ametsa izan genuen. 2018ko martxoaren 17tik daramagu nazioarteko komunitate zientifikoak aurkezten dituen gai interesgarrienak eta garrantzitsuak euskaraz lantzen eta zabaltzen. Hezkuntzaren inguruko ezagutza zientifikoa guztiengana helarazteko helburua beti eduki dugu gogoan.

Kaierak izandako inpaktua datuekin ere erakuts daiteke. 210 artikulutik gora argitaratu ditugu, eta jada 50.000 bisita baino gehiago ditu egunkariak.  228 lagun egin dira harpidedun: eskola zein bestelako gizarte-esparruko pertsonek egunero jasotzen dute Kaierako azken edizioa beren posta elektronikoetan. Sare sozialetan ere, Twitter eta Facebooken, 300 jarraitzailetik gora ditu Kaierak egun. Kaierak bertan parte hartzeko aukera ematen die profil anitzeko pertsonei, eta horren isla da aurten 67 izan direla egunkarian idatzi duten pertsonak. Gazte, heldu eta eskarmentu handiagoa duten pertsonek elkarrekin egin dute lan proiektua aurrera eramateko. Era berean, aipatzekoa da horietatik 25 baino gehiago hezkuntza-zentroak direla, beraz, inplikazioa bakarkakoen interesetatik haratago doa. Euskal Autonomia Erkidegoko kolaborazioaz gain, Valentzia edo Kataluniako hainbat pertsonak ere izan dute beren esperientziak Kaieran partekatzeko aukera. Mugetatik haratago joan da Kaiera: adibidez, Neil Mercerrek (Cambridgeko Unibertsitateko irakasle emeritua) egunkarian argitaratutako artikulu bat Twitterren partekatu zuen, eta Mexikoko eskola bateko esperientzia ere argitaratu genuen.

Argitalpen bakoitzaren atzean denbora, hezkuntzarekiko konpromisoa eta islatzen diren istorioen parte diren pertsona ororen ilusioa dago. Hori guztia da Kaiera, zuei esker. Idazle baten hitzetan, egunkari honetan parte hartzea “aukera zoragarria da idazle hasiberrientzat. Hainbat gairen inguruan hausnartzea, idaztea eta irakurtzea ahalbidetzen digu. Gainera, zenbait ikerketaren emaitzak gizarteko pertsona guztiei hurbiltzeko aukera ematen digu, eta, azkenean, hori da garrantzitsuena”.

Urte honetan zehar, 2018an adostu genituen helburuak betetzeko bidean jarri gara. Horietako askok denbora gehiago beharko dute. Edo nola ere, Kaierak lanean jarraituko du eskolek, ikasleek, irakasleek, familiek zein bestelako profesionalek ebidentzia zientifikoak ezagut ditzaten, guztiok baitugu aurrerapen zientifikoei onura ateratzeko eskubidea.

Egilea: Kaiera