Eskolako biolentzia-egoerek ondorio larriak eragiten dizkiete parte-hartzaileei zein ingurukoei. Ikerketa ugarik baieztatu dute eskolan egoera biolentoak jasateak, kalte fisiko eta psikologikoak sortzeaz gain, eskola uztea eta eskola-porrota eragiten dituela. Egoera horiei aurre egiteko familiaren eta komunitatearen partaidetza ezinbestekoa dela azpimarratzen dute ikerlariek. Partaidetza hori bermatzen du zenbait ikastetxetan txertatu duten gatazken prebentziorako eredu dialogikoak, baina ba al dakigu zein diren partaidetza horren arrakasta ziurtatuko duten gakoak?

Maria Padros-ek (2014) prozedura dialogikoak ikastetxeetan modu arrakastatsuan bideratzeko gakoak zein diren identifikatzeko helburua zuen ikerketa egin zuen. Horretarako, ikas komunitateen sarean bost urtetik gora zeramatzaten, ezaugarri desberdinak zituzten eta gatazken prebentziorako eredu dialogikoa aplikatzen zuten hiru ikastetxe ikertu zituen. Ikastetxe horietako eskola-politikak, ikasketa-planak eta bizikidetza-planak aztertzeaz gain, talde-eztabaidak eta behaketak gauzatu zituen bertan. Informazioa biltzeko tresna horien bidez jasotako datuetatik bi ondorio nagusi atera ziren.

Alde batetik, gatazkak saihesteko komunitate osoaren kontsentsua bilatzea ezinbestekoa zela ikusi zuen, eta, horretarako, arauak adostea denon partaidetza bermatzen duten eztabaida-guneetan. Eztabaidarako espazio horiek modu formalean egituratu behar dira eta bertan beteko den prozedura urratsez urrats finkatuta egon behar da. Era berean, prozedura hori edozein unetan aktibatzeko aukera egon behar da, izan arau bakar baten inguruko kontsentsura iristeko edo bizikidetzarako arau-protokolo bat eraikitzeko.

Azaldutako funtzionamenduari erantzuteko ikastetxe horietan erabiltzen zuten egitura eraginkor bat Bizikidetza Batzorde Mixtoa zen. Bertan, irakasleek, gurasoek, ikasleek zein komunitateko beste edozein eragilek parte hartzeko eta elkarrekin lanean aritzeko aukera zuten, nork bere iritziak, sentimenduak eta ikuspuntuak adieraziz. Horrela, eskolan hausnartutakoaren eta landutakoaren transferentzia beste eremu batzuetara (familia zein eskolaz kanpoko gainerako guneetara) egiteko aukera ematen zuten. Batzordea hilean behin biltzen zen eskolako klima hobetzeko, ekintzak adosteko eta arau berriak iradokitzeko. Kontuan hartu behar da arau horiek irizpide zehatz batzuei erantzun behar dietela: haurren bizitzarako esanguratsuak izan behar dute eta kontzeptu zehatzak erabili behar dituzte, aplikatzean interpretazio okerrik egon ez dadin.

Bestalde, eztabaidarako guneak eraikitzea eta hainbat partaideren parte-hartzea ziurtatzeak ez duela demokrazia deliberatzailea bermatzen argi uzten du Padrosek. Auzia ez da eskoletan eztabaidarako guneak eraikitzea soilik; aitzitik, ziurtatu behar dugu bertako eztabaidek hierarkia interpretatiboa gainditzen dutela. Ezinbestekoa izango da ekarpen guztiak argudioen balioaren arabera epaitzea eta ez hizlariak egitura sozialean duen posizioaren arabera.

Hierarkia interpretatiboa gaindituz, eztabaida-gune egituratuetan arauak adosten dituzten ikastetxe horiek gatazken prebentzioan hobekuntzak lortu zituztela baieztatu zuen ikerlariak: eskolako klima hobetzea, berdinen arteko gatazkak eta biolentzia gutxitzea eta komunitateko hainbat eragileren artean adostutako erabakietara iristea.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907