Nire esperientzia kontatzeko eskatu zidatenean ipuin baten moduan idaztea pentsatu nuen, eta, kontaketan aurrera egin ahala, konturatu nintzen ez nintzela nire ikasleez hitz egiten ari, baizik eta nire istorioa kontatzen ari nintzela.
Ipuina nire irakasle-ibilbidearen hastapenak kontatzen hasten zen, hain zuzen, nola irakatsi zidaten integrazioaren eta banakako arretaren garrantzia:
“Bazen behin bere munduan pozik bizi zen Entzumena eta Hizkuntzako irakasle bat; mundu hori txikia zen, mundu handiago baten barnean zegoena. Horretan haurrei irakasten zien laguntza berezia behar zutela. Hori egin zuen beti, horixe egiten irakatsi baitzioten beti”.
“Egun batean haren ikastetxea ikas-komunitate bilakatzen hasi zen. Guztiek esaten zioten bere munduko ateak ireki behar zituela eta gauza on guztiak partekatzen hasi behar zuela”.
Zalantzak eta ziurgabetasunak desagertzen hasi ziren prestakuntzan, esperientziak partekatzeko jardunaldietan eta ikas-komunitateko solasaldi dialogikoetan emandako denboragatik. Hain zuzen, une horretan pentsatu nuen integraziotik inklusiorako jauzia egitea.
“Apurka-apurka hasi zen. Lehenik eta behin, behar bereziko ikasle gehien zituen geletan talde interaktiboetan egiteko jarduera bat prestatu zuen.. Hurrengo ikasturtean hizkuntza estimulatzeko tailerra prestatu zuen 3 urteko ikasleentzat”.
“Ematen zuen kontua aurrera zihoala, eta astero gelara heltzean haurrek erakusten zioten poztasunak animatzen zuen. Gainerako irakasleen eta familien balorazioa oso positiboa izan zen ikasturtearen amaieran. Horrek pentsarazi zion bide onetik zihoala eta jarraitzera bultzatu zuen…”
“Hurrengo ikasturtean, dislalia zuten haurrengan pentsatuz, kontzientzia fonologikoko tailerra prestatu zuen 5 urteko ikasleentzat.” (…) “Irakaslea geldiezin zebilen, beraz, haur hezkuntzarako jauzia egin zuen. Disfonia-kasuen kopurua handitzeak disfonia prebenitzeko tailerra abian jartzera bultzatu zuen: Lasaitasunaren espazioa”.
“Diotenez, orain irakaslea beti ibiltzen da gora eta behera ikastetxeko korridoreetan, ikasleek ezagutu eta agurtu egiten dute, lankideek irribarre egiten diote materialez kargatuta igarotzen ikusten dutenean, eta gurasoek badakite nor den EHko irakaslea”.
“EHko irakasleak orain badaki zer esan nahi duen inklusio hitzak, ez bakarrik ikusi egin duelako ikasleek kideekin batera ikasten dutela, edo orain badakielako zer den lankide batekin batera lan egitea gela arrunt batean, edo ikusi duelako boluntarioek ere ikasleen ikaskuntza-prozesuak aberasten dituztela… Ez, ez da horregatik… Arrazoia da orain bera sentitzen dela komunitateko kide”.
Hori da nire istorioa, nire lanean eroso sentitzen nintzen mementoan hasten dena, izan ere, dena nuen kontrolpean: programazioak, NCEak… Baina, bat-batean, bizitza irauli eta dena aldatu zen. Gogoeta eginez gero, hezkuntza bizitzaren modukoa izan behar da, aurrera egiteko aukera emango diguten aldaketak egon behar dira; era berean, esperientzietatik ikasten dugu, bideko beheraldietatik, erronketatik, helburu berrietatik…
Oraindik asko daukat egiteko asko ikasteko, baina Pedagogia Terapeutikoko eta Entzumena eta Hezkuntzako irakasle guztiak animatzen ditut euren geletako ateak irekitzera, hezkuntza berria posible delako eta guk asko dugulako emateko.
Egilea: Teresa Ballester Pérez