Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak: Denon inklusiorako bermea

Laster beteko dira hiru hamarkada UNESCOk Jomtien-en (Thailandia) antolatu zuen nazioarteko foroan denontzako hezkuntza eskubideen aldarria egin zenetik. Orduz geroztik, denon parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzen duten eskolak eraikitzeko saiakera mardulak egin dira hainbat herrialdetan eta eskola inklusiboa bolo-bolo denon ahotan dabilen doinu ezaguna bihurtu da, baina aldarri hura oraindik ez da errealitate bihurtu. Izan dugu, ordea, inklusioaren bidean aurrera egiteko egin beharreko pausuen gakoak zehazten lagundu digunik ere. Hori da 2006tik 2011ra bitartean Europa mailan egin zen INCLUD-ED ikerketaren kasua. Ikerketa horrek eskola-arrakasta, kohesio soziala eta desberdinkeria gainditzeko baliagarriak diren hezkuntza-praktikak identifikatzea izan zuen helburu. Xede hori bete zen, eta testuinguru desberdinetan emaitzarik onenak ziurtatu zituzten jarduerak Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu (HJA) gisa definitu zituzten bertan. Orduz geroztik, 600 ikastetxetik gora dira beren geletan jarduera horiek abian jarri dituztenak. Baina, nola laguntzen dute HJAek ikasle guztien inklusioa bermatzen?

Garcia-Carrión eta kideek (2016) HJAk beren geletan txertatu dituzten 7 ikastetxe aztertu zituzten bi urtean. Eskola horietan, bi jarduera aztertu zituzten: Talde Interaktiboak eta Tertulia Literario Dialogikoak. Horietan Hezkuntza Premia Bereziak zituzten ikasleek parte hartzen zuten, eta bertan sortzen ziren interakzioen artean denontzat ikaskuntza-aukera aberasgarrienak eskaintzen zituztenak zein ziren identifikatzea zuten helburu. Horrela, hiru interakzio mota identifikatu zituzten.

Alde batetik, ikaskuntza-zailtasunak gainditzen laguntzen duten interakzioak antzeman zituzten. Talde interaktiboetan lan egiteak ikaskideen arteko laguntza-eskaintza berez sustatzen zuela ikusi zuten. Ataza ebazteko abilezia handiagoa zutenek zailtasun handiagoak zituztenei naturalki laguntza ematen zieten, eta, hartara, zailtasuna gainditzen eta ikaskuntza-aukerak zabaltzen zituzten. Bestalde, komunitateko eta eskolaz kanpoko pertsona helduek parte hartzen zutenez, interakzio-formatu berriak eta anitzak eragiten zituen. Horrela lan egiteak ikastetxearen kultura inklusiboan eta irakasleen jarreretan eragiten zuela ikusi zuten, eta ikasleek behar zituzten laguntza espezifikoak talde interaktiboetan eskaintzea lehenetsi zuten.

Bestetik, ikaskuntza-aukera berriak sortzen zituzten interakzioak identifikatu zituzten. Elkarlanean arituz, ikasleek, gaitasun indibidual soiletan oinarrituz gainditzerik izango ez luketen erronkei aurre egiteko aukera izaten zuten. Horrek ikasleen autokontzeptua eta irudia hobetzen laguntzen zuen eta, bide batez, ikasle horiekiko zituzten itxaropenak handitzen. HJAetatik hezkuntza-premia zehatzei erantzutean ez da norbanakoa soilik aintzat hartzen, ikaskuntza- eta garapen-testuinguruak ere kontuan hartzen dira, eta, era horretan, curriculum-maila txikitzea ekiditen da.

Azkenik, ikusi zuten hezkuntza-premia bereziak zituzten ikasleen parte-hartze aktibo eta sortzailea handitzen zuten interakzioak gertatzen zirela. HJAetan partaideek ez dute aurretik zehaztutako rolik. Une bakoitzean, behar diren ezagutza, gaitasun eta argudioak erabiltzen dira eta horiek edonoren eskutik etor daitezke. Ikertzaileek aztertu zituzten zenbait egoeratan, Hezkuntza Premia Berezia zuten ikasleek beste taldekideen ikaskuntzarako baliagarriak izan ziren ekarpenak egiteko aukera izan zuten, baita beren abileziak agerian jartzeko ere.

 

HJAetan, beraz, ikasle guztiontzat onuragarriak diren interakzio inklusiboak gertatzen direla ondorioztatu daiteke. Ikasleen arteko laguntza solidarioa sustatzen dute, eta denon parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzen. Halaber, norberaren testuinguru sozial eta biologikoak ezartzen dituen mugak gainditzeko tresna paregabea eskaini eta denon inklusioa bermatzen dute.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907

Be the first to comment on "Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak: Denon inklusiorako bermea"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*