CPI Soloarte IPI Ikas Komunitatea, gonbidatua Bruselan

Abenduaren 5ean Bruselan elkartu ziren A New Way for New Talents in Teaching proiektuaren zenbait partaide, CPI Soloarte IPI barne. Jardunaldi hori bi urteko proiektuari itxiera emateko antolatu zen. Proiektua Europar Batasunak kofinantzatzen du Erasmus+ programaren bitartez eta bost herrialde desberdinetako 15 bazkidek zuzentzen dute: Austria, Bulgaria, Letonia, Errumania eta Euskadiko Hezkuntza Sailburuak dira horren arduradunak, baita bakoitzaren Teach For All programak ere. Jardunaldian, gobernuek, unibertsitateek, eskolek, irakasleek zein ikasleek hausnarketa baliotsuak partekatzeko aukera ezin hobea izan zuten.

Erasmus+en helburuetako bat ekitatezko hezkuntza inklusiboa lortzea da. Hori dela eta, programak Europar Batasuneko herrialde gehiago bereganatu nahi ditu, batez ere aukera gutxien dauzkaten haurrengana hurbiltzeko asmoarekin.

Xavier Prats Monné-k (Teach for All-en zuzendari nagusietako bat), irakasleen prestakuntza sakonari buruz aritu zenean, hauxe esan zuen: “ez dugu aparteko ekintza izateko asmorik, gure hezkuntza sistemetan ezarriko den neurri natural baten bultzatzaileak izateko asmoa baizik”.  

Euskadiko Empieza por Educar (ExE) fundazioa da Teach for All nazioarteko sareko kidea. Gaur egun mundu osoko 46 erakunde daude sare horretan. Programa horren helburua irakasleak prestatzea da, desberdintasun horiei aurre egiteko.

16/17 eta 17/18 ikasturteetan, Basauriko Soloarte ikastetxeak parte hartu zuen proiektuan, eta ExE irakasleen prestakuntza planeko bi ikasle jaso zituen: Lara Aresti eta Enara Menoyo. Eskolaren eta ExEren arteko lan arrakastatsuaren ondorioz, Soloarte eskola hautatu egin zuten, beste 10 ikastetxeren artean, Bruselara joateko Euskadiko ordezkari gisa. Euskadiko programaren ikasle guztien ordezkaria Enara Menoyo izan zen, bertako hitzaldian bere esperientziaren inguruko hausnarketak azaldu zituena.   

Bertan bere esperientzia azaldu zuten bost ikasleen (Austria, Bulgaria, Letonia, Errumania eta Euskadiren ordezkariek) ekarpenak oso antzekoak izan ziren; esperientziaren ondorioak oso positibotzat jo zituzten eta bizipen pertsonalen bitartez adierazi zuten horiek guztiak erabatekoak izan zirela irakasle lanetan jarraitzeko. “Benetan irakaslea izatea merezi duzun ohartu behar zara” esan zuen horietako batek, gizartearen irakasleekiko errespetua uste ohi den baino askoz hobea dela azaldu zuenean.       

 

CPI Soloarte IPI Ikas Komunitatearentzat esperientzia paregabea izan da nazioarteko proiektu horretan elkarlanean aritzea, bokaziozko bi ikasle-irakasle berri horiei babesa emateko aukera izan baitu, ez soilik eskolako haurrentzat helburu hezigarri onenak jorratzeko asmoz, baita Soloarte ikastetxean aspaldi erabiltzen diren jarduera arrakastatsuak eskolaz kanpoko profesionalei helarazteko asmoz ere.    

Egilea: Sonia del Barrio

Sonia_IMG_1521112794706-1-150x150

Be the first to comment on "CPI Soloarte IPI Ikas Komunitatea, gonbidatua Bruselan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*