Azken hamarkadetako ikerketek agerian utzi dute eskola inklusiboetan ikasteak hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei dakarkien onura. Nazioarteko hainbat aldarrikapenek, konbentziok eta hitzarmenek ere inklusioaren aldeko apustu garbia egin dute azken urteetan. Hala ere, Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eskolatuta dauden ikasleak daude oraindik ere. Ikasle horien ehunekoa nabarmen aldatzen da herrialdearen arabera. Estatu espainiarrean % 17 da. Desgaitasun larrienak izaten dituzten ikasleak egoten dira maiz Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, eta horien lorpen akademikoak eta sozialak hobetzeko gakoak zein izan daitezkeen aztertzea erronka garrantzitsua da.

Helburu hori jomugatzat hartuta, García-Carrión, Molina eta Roca (2018) ikertzaileek Valentziako Hezkuntza Bereziko ikastetxe batean ikaskuntza interaktiborako inguruneak txertatzeak zein onura ekar ditzakeen aztertu zuten. Horretarako, astean ordubeteko maiztasunarekin, ikasleak talde interaktiboetan lanean jarri zituzten. Hiru urtean talde-antolaketa horretan lanean aritu ziren 6 eta 14 urte bitarteko 36 ikasleren gertuko jarraipena egin zuten ikertzaileek.

Esperientzia hori martxan jartzeko ezinbestekoa izan zen ikastetxeko baliabideak berrantolatzea eta zenbait irizpide ondo zaintzea. Alde batetik, talde interaktiboak antolatzean kontuan hartzen diren ohiko irizpideez gain (generoa, kultura, ezagutza-maila eta hizkuntza-aniztasuna) beste hiru ere jaso zituzten: ikasleen komunikazio-gaitasuna, jarrera, eta gainerakoei ikaskuntza prozesuan laguntzeko zuten gaitasuna. Bestalde, talde bakoitzeko bi heldu ipini zituzten. Azkenik, proposatzen ziren jarduerak talde-lanean erabakitzen zituzten irakasleek, eta beharrezko egokitzapenak txertatzen zituzten. Bestalde, ikasleak aurretik trebatzen zituzten ataza egiteko ezagutu beharreko prozeduretan. Eta amaitzeko, ebaluazio jarraitua eta sistematikoa egin zuten ikerketan zehar eta bukaeran.

Ikaskuntza interaktiborako guneetan aritzearen ondorioz, hobekuntza nabariak antzeman zituzten ikasleengan. Taldekatze horrek elkarri laguntzeko eta elkarrekin ikasteko aukera eman zien ikasleei, eta beraien arteko interakzioak areagotu zituen. Gainerakoei laguntzeko zuten gaitasunaz jabetzeak beraien autokontzeptuaren hobekuntzan eragin zuen eta, era berean, jokabide oldarkorrak gutxitu zituen. Komunikazio- eta interakzio-aukerak areagotzeak matematikan (eremu hori lantzen zen taldeetan) zuten ezagutza akademikoa hobetzea ere ekarri zuen. Azkenik, irakasleek ikasleen gainean zituzten itxaropenak hobetu zituzten eta ezintasunean oinarritutako hizkera alboratu zuten; hala, gaitasunetan oinarritutakoa nagusitu zen beraien artean.

Beste pertsona batzuekin interakzioa izanez ikasten dugula esan zuen aspaldi Vygotskyk, eta ikaskuntza eta garapen kognitiboa prozesu kultural gisa azaldu zuen. García Carrión eta kideek (2018) egindako ikerketak argi uzten du ez dagoela elkarrekintza egoki baten onuraz aberasten ez den ikaslerik.

Egilea: Leire Ugalde