2018ko irailaren 4an, ikerketa finantzatzeko erakunde nazional batek (a group national research funding organisation) Europako Batzordearen eta Ikerketaren Europako Kontseiluaren babesarekin, cOALition S ekimena iragarri zuen. Ekimen honen helburua da ikerketa-argitalpenetarako erabateko eta berehalako sarbide irekia izatea, hots, argitalpenak libre eta dohainik eskuratu ahal izatea. Horrez gain, ekimenaren 10 printzipioak aurkeztu zituen.
cOALition Sk konpromisoa hartu zuen bere funtsezko printzipioa bete ahal izateko beharrezko neurriak indarrean ipintzeko, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen. Horrela, helburuak adierazten duen moduan, ikerketa-batzordeek emandako diru-laguntza publikoen bidez, nazioko eta Europako finantzaketa organismoek finantzatutako ikerketa zientifikoen emaitzen argitalpenak egin beharko dira sarbide irekiko aldizkarietan edo sarbide irekiko plataforma “bateragarrietan”.
Gaur egun, nahiz eta sarbide irekiko aldizkarien kopurua handitzen ari den, Reed Elsevier, Springer, Taylor & Francis, Wiley-Blackwell eta American Chemical Society enpresek munduan egiten diren ikerketen erdia baino gehiago argitaratzen dituzte. Aldizkari horietako artikuluak eskuratu ahal izateko, unibertsitateek zein liburutegiek dirutza gastatu behar dute, eta unibertsitateekin loturarik ez duten pertsonei (ikertzaile independenteei, irakasleei, maisu-maistrei…) artikulu baten truke 20-50 dolar ere kobra diezaiekete. Kontuan izanda ikerketak finantzatuta daudela eta egileek ez dutela kobratzen, ez dirudi oso etikoa denik ezagutza zientifikoko artikulu horiekin “negozioa” egitea. Horrekin bukatzeko, hain zuzen, ikerketa finantzatzeko 11 erakunde nazionalek, Europako Batzordearekin eta CEIrekin batera, S kanpaina eratu dute.
Kanpainaren printzipio batzuen arabera, egileek euren artikuluen jabeak izaten jarraituko dute; argitaratzeko gastuak finantzatzaileen edo unibertsitateen kontura izango dira eta ez ikertzaileenera; finantzatzaileek eskatuko diete unibertsitateei, ikerketa-erakundeei eta liburutegiei euren politikak eta estrategiak lerrokatzeko, bereziki, gardentasuna bermatze aldera; finantzatzaileek arauak betetzen diren ala ez ikuskatuko dute eta zigorrak ezarriko dituzte; ikerketa bultzatzeko, ikerketaren finantzatzaile publikoei deia egingo diete, betiere gogoratuz diru publiko horrek interes publikoan eragina izan behar duela (erantzukizun fiduziarioa).
cOALition Sko kideek ekimenarekin bat egiteko gonbidapena luzatu diete mundu osoko ikerketa-babesleei, bai publiko bai pribatuei.
Egilea: Luisa Mari Puertas