“Noizbait egon zara maiteminduta?” “Nola sentitu zara maiteminduta egon zarenean?” Gazteek galdera horiek egin dituzte noizbait, baina erantzuna, hedabideek zabaltzen duten maitasunaren ideiagatik, kutsatuta egon daiteke. Horregatik, Harvard-eko Unibertsitateak “5 Tips for Parents: Guiding Teens and Young Adults in Developing Healthy Romantic Relationships” argitaratu du. Gurasoentzako gida da, seme-alabek harreman osasuntsuak izan ditzaten zer bideri jarraitu behar dioten azaltzen duena.
Lehenengo urratsak maitasun erromantikoaren inguruko hausnarketa egitera animatzen gaitu, hau da, aldez aurretik dugun kontzeptu hori eraistera eta aurreiritziak alde batera uztera. Hori lantzeko, hainbat galdera egin diezazkiekegu “maiteminduta” daudela esaten dutenean, benetan zer esan nahi duten eta zer sentitzen duten adieraz dezaten. Adibidez: “Norbaitek erakartzen zaitu pertsona eskuzabala, zintzoa eta atsegina delako? Edo, antzemanezina delako edo txarto tratatzen zaituelako? Pertsona batek kasu egiten ez badizu, erakartzen zaitu?”.
Bigarren urratsean, harreman osasuntsu eta kaltegarriei buruz hausnartzea da xedea, besteak beste, normalduta dauden joera biolentoak baztertzeko. Horretarako, proposatzen da gure inguruan ageri diren irudiak edo adibideak aztertzea eta, horiek oinarritzat hartuta, galdera hau egitea: zer maiztasun motarekin sentitzen duzu kezkatuta edo lur jota zaudela zure harremanetan?
Hirugarren urratsean, harreman osasuntsuak izateko gaitasunei buruz hitz egiten da. Dakigunez, maitasun-harreman osasuntsuek zintzotasunez eta eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna izan behar dute, eta horren barruan sartzen dira, besteak beste, arazoak elkarren artean konpontzeko ahalmena, eskuzabala izatea eta haserrea kontrolatzea. Horretarako, aurreko urratsean bezala, horri buruz hitz egiteko telesaioetan, liburuetan, filmetan edo antzekoetan agertzen diren adibideak jarriko dira, baina, oraingoan, arreta harremanetarako gaitasunean jarriko da.
Laugarren urratsean, gurasoen esperientziei buruz hitz egin dezakete, kontatzeko bizi izan dituzten harreman afektibo-sexualak zerbait irakatsi dieten ala ez eta zer aldatuko luketen. Gurasoek izandako esperientziak elkarbanatzea oso baliagarria izan daitekeela aipatzen da. “Zer irakatsi dizu harreman horrek?” galdetzea eta horren inguruan hausnartzea oso erakargarria izan daiteke, batez ere nerabeen eta gurasoen sentimenduei buruz hitz egiteko.
Bosgarrenean, harreman afektibo-sexualekin zerikusia duten galdekizun etikoak planteatzea iradokitzen da. Adibidez: “Zure lagun batek bere neska-laguna engainatzen badu eta neska hori zure laguna ere bada, zer egingo zenuke?”. Oso garrantzitsua da horrelako arazoak planteatzea, egoera horretan, benetan gertatzen bada, erantzukizunak izateko, betiere, etikaren aldetik, tarteko pertsonek ez sufritzeko.
Azken finean, urrats horien xedea aurreiritziak alde batera uztea eta nork bere buruaren eta maitasun-harremanaren egoera hobeto ezagutzea da, betiere toxikotasuna eta indarkeria alde batera utziz harreman osasuntsuak sustatzeko.
Egilea: Garazi Álvarez