Sarritan egiten den galdera da hori eta, egia esan, erantzuna ez da zaila: gainerako ikasleek behar dutena,euren eskolatzean aurrera egin eta eskolan gustura egon, hau da, ikasgelako ohiko jardueren partaide izan, ikaskideekin hitz egin, jolastu, lana partekatu, irakasleen arreta bereganatu… Labur esanda, konfiantza-giroan murgilduta egon behar dute, baita seguru eta aintzat hartzen dituztela sentitu ere.

Alde batetik, denbora faktore garrantzitsua da. Zenbat denbora behar du ikasle batek eskola-hizkuntza bereganatu eta bere adinkideen mailan jartzeko? Cummins-ek diosku bospasei urte behar dituela haur edo nerabe batek prozesu hori egiteko. Lehenengo urtean, gutxi gorabehera, jendarteko hizkuntza bereganatzen du, jolastokiko hizkuntza esan ohi dena, zuzeneko elkarrizketaren bitartez erregulatzen diren jardueretan parte-hartze aktiboa izateko aukera ematen duena. Hizkuntza akademikoa menderatzea, ordea, irakasgaietako testu abstraktuak irakurtzeko eta ulertzeko edo irakaslearen azalpenak jarraitzeko behar dena epe luzeko laguntza eta ahaleginaren emaitza da.

Bestaldetik, denbora-epe berean batzuek asko ikasten dute eta beste batzuek ez hainbeste. Judit Ollerek eta Ignasi Vilak aditzera ematen digutenez, eskolako hizkuntzaren ikas-prozesua arrakastaz egiten dutenek oinarri sendoa dute euren etxeko hizkuntzan, eskolatze egokia izan dute jatorrizko herrialdean eta euren etxeko hizkuntza ikasteko tresna gisa erabiltzen jarraitzen dute.

Aldagai horietan arreta jarrita ondorioztatzen dugu zein den arrakastaren bidea: batetik, jendarteko hizkuntza bereganatzeko ikasle horiek kideekiko interakzioaren beharra dutenez, hasiera-hasieratik hori ahalbidetzeko jardueretan murgiltzeko aukera ematea; bestetik, epe luzeko laguntza-bidea aurreikustea hizkuntza akademikoa sendotzeko. Era beran, gurasoen laguntza bereganatu behar dute, hizkuntza berriarekiko motibazioa piztu ez ezik, euren etxeko hizkuntza lantzen ere jarrai dezaten; horretarako, jatorrizko hizkuntzetan dauden liburuak eta ikasmaterialak ikasleen eta familien eskura jar daitezke. Ildo beretik, ikastetxean ikasleen hizkuntza-aniztasuna aintzat hartzeaz gain, ikasteko jardueretan horiez baliatzeko aukerak eman daitezke ikasitakoa finkatze aldera; adibidez, glosario edo liburuxka elebidunak egitera animatu daitezke.

Guztiontzat aberasgarriak diren lan-jardueren bitartez lortzen da hori. Beraz, ezin gara bakarrik azalean geratu, festa edo horma-irudi txukunen bidez, baizik eta ikasgelako lanetan guztien ikuspuntuaz, ezagutzaz eta ekarpenez baliatu behar gara: hizkuntza- eta kultura-aniztasuna guztiontzako baliabidetzat hartuta, hainbat jatorri eta hizkuntzako ikasleak elkarrekin lanean jarri helburu komun bat erdiesteko; berdinen arteko interakzioak bideratu elkarri laguntzeko; gure eta gure ikasleen euskararekiko konpromisoa handitu, kanpotik etorritakoak euskarara eta euskal mundura erakartzeko, haien hizkuntzak eta munduak guztion altxortzat hartuta.

Egilea: Gloria Rey

gloriak