Unibertsitatean ere, Solasaldi Dialogikoak

Hilean behin Solasaldi Dialogiko Unibertsitarioak hainbat profiletako parte-hartzaileak biltzen ditu Deustuko Unibertsitatean. Urritik ekainera arte, unibertsitateko irakasle, ikasle zein ikertzaile ugari biltzen dira, aurretiaz adostutako liburuaren kapituluak eztabaidatzeko eta horien jakintzaren inguruko lanketan sakontzeko.

Saioak 7 printzipio dialogikoetan oinarritzen diren heinean, partaideek emandako argudioen baliotasuna da solasaldiaren ardatz nagusia. Besteak beste, alde batera gelditzen dira bestelako mailakatze edo hierarkiazko ezaugarriak: parte-hartzaileen profilak. Baldintza horietan sortzen den konfiantzazko giroa aproposa izaten da irakurketaren inguruko ideiak, usteak, zalantzak ala bestelako ekarpenak elkar-ekintzan oinarritutako gune eraginkorrean partekatzeko.

Irakurtzeko hautatzen diren testuak ebidentzietan oinarritzen diren obrak eta hezkuntza zein psikologia arloan ekarpen garrantzitsuenak egin dituztenak dira. Betiere, arloan pisuzko autoreak proposatzen dira, ondoren zein liburu irakurriko den adosteko. Horien artean, Jerome Bruner, Jesús Gómez, Erik Kandel, Ramón Flecha-ren ekarpenak landu dira.

Parte-hartzaileen artean, bertan biltzen dira zenbait jakintza-eremu landu izan dituzten profilak. Ibilbide akademiko zein profesional anitzak izanda, Tertulietan parte hartzera animatzen diren lagunek landutako obretan oinarritzen diren iritziak, esperientziak zein hausnarketak zabaltzen dituzte, giro akademiko aberatsa elikatuz.

Aurten unibertsitateko Solasaldietan parte hartu dutenek partekatzeko espazio gisa definitzen dute, non zorroztasun zientifikoa eta partaideen arteko harremanak ikasketa-prozesuan aurrera egiteko biziki lagungarriak diren.

Laburbilduz, Kaieran sarritan jaso den bezala, Tertulia Dialogikoak testuinguru anitzetan baliatzeko gertatzen dira egokiak, kasu honetan ere, ikasketa-tresna bikaina direla frogatuz. Hala, Unibertsitatean tertuliek ireki diguten espazioa aberasgarria eta erakargarria izan da bai arlo akademikoan baita pertsonalean ere.

Egilea: Maite Santiago

maite santiado

Be the first to comment on "Unibertsitatean ere, Solasaldi Dialogikoak"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*