Frantziako Lege proposamen berriaren arabera, ikasleek ezin izango dute mugikorra erabili Lehen zein Bigarren Hezkuntzan, barne araudiak onartzen duen leku eta egoeretan izan ezik. Lehen ministroak kanpainan zehar defendatu zuen neurria, Asanblea Nazionalak onartu zuen pasa den ostegunean. Senatuak onartu behar duen debeku honek oinarri juridikoa emango die Frantziako 51.000 eskola eta 7.100 institutuei datorren ikasturtetik aurrera.

Gobernuko alderdiaren ustetan gailu hauen erabilerak eskola giroan hainbat disfuntzio eta arazo eragiten dituenez, galarazpenak ikasteko behar den kontzentrazioa ahalbidetzen duen ingurunea sustatuko du. Horrez gain, atsedenaldietan sakelakoen erabilera oso kaltegarria izan daitekeelakoan daude, ariketa fisikoa eta aurrez aurreko harremanak mugatzen eta murrizten baititu.

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren ustez, “XXI. menderako  egokitutako legea da, iraultza digitalaren gainekoa”, “etorkizuneko teknologiekiko jarrera irekia izateak ez du esan nahi erabilera guztiak onartu behar direnik”, eta “familiei igorritako osasun publikoaren aldeko mezua da”.

2016an Frantzian egindako inkesta baten  arabera, 12 eta 17 urteko adin tartean zeuden nerabeen % 93k telefono mugikorra zuten; 2005ean, berriz, bakarrik % 72k. Diputatuen arabera, sakelakoaren erabilerak jarrera erasokorrak susta ditzake, ziberjazarpena eta zibersexismoa, adibidez.

Hezkuntza komunitateak, aldiz, zalantzak ditu. Ez da araudi honen sakoneko helburua ondo ulertzen. Eskoletan mugikorrak galaraztea ohikoa da. Gainera, Frantziako hezkuntza komunitateetan logikaz eta pragmatismoz jokatzen saiatzen dira, baina ez diote logikarik eta pragmatismorik ikusten arau hori ezartzeari.

Eskola zuzendarien elkarteak arauaren alde egin arren, badaude kontra agertzen diren ahotsak ere. Azken horien iritziz, eraginkortasun txikikoa izango da, eta betearazteko zaila. Oposizioko alderdiek “itxurakeria hutsa” edota “publizitate trikimailua” dela deritzote.

Proposatutako araua guztiz zehaztu gabe dago; hau da, galarazi egiten du mugikorraren erabilera, baina ez du zehazten zelan aplikatu, ezta legea hautsiz gero zer nolako ondorioak izan litzakeen ere. Gainera, abokatuek diotenez, Frantzian irakasleek ez dute inolako eskubiderik ikasleei arriskutsuak ez diren gauzak kentzeko.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758