2018an, Kataluniako eskolarik onenak zientzia oinarri harturik saiehesten du biolentzia

Joan den astean “Mare de Déu de Montserrat” ikas-komunitateak Premi Ensenyament 2018 saria jaso zuen Cercle d’Economiaren eskutik. Eskola horretan gatazken prebentziorako eta konponketarako eredu dialogikoan oinarritutako hezkuntza-jarduera arrakastatsua aplikatzen ari dira. Izan ere, emaitza bikainak izan ditu ekintza horri esker.

Nuria Marín ikastetxeko zuzendariaren esanetan, eskoletan biolentzia desagertaraztea nahi badugu, hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aplikatu behar ditugu. Horrela azaldu du El Diario Feministak egin dion elkarrizketan:

Zein da gakoa aparteko hobekuntza horiek lortzeko?

Guk hobekuntza lortu dugu hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aplikatzen ditugulako. Zeintzuk dira jarduera horiek? Nazioarteko zientzia-komunitatearen ikerketek egiaztatzen dituztenak, ikastetxeetan emaitza onak eman dituztelako. Hau da, jarduera horiek ondo funtzionatzen dute, kontrastatuak izan dira eta ikerketa sendoetan oinarritzen dira. Jarduera horiek ezartzen badira, modu egokian, jakina, funtzionatu egiten dute; eta denak batera aplikatzen badira, orduan efektu positiboak berehalaxe igartzen dira.

 

Azalduko zeniguke zer den “Zero biolentzia zero urtetik” proiektua?

Beno, gure helburua biolentziarik gabeko ikastetxea izatea da. Ama batek bere semea edo alaba eskolan uzten duenean, bere bizitzan duen baliotsuena izanik, haren hezkuntza integrala jasoko duela konfiantza osoa izan behar du. Amak jakin behar du semeak edo alabak ez duela inolako erasorik sufrituko, eta ez hori bakarrik, gainera, nortasun solidarioa garatuko duela, besteekiko enpatian oinarrituta. Horri esker, beste pertsonekiko harremanak erregulatzeko gai izango da bizitzan zehar.

Nola daramazue praktika hori eskolan?

Hasieran esan bezala, eskolan “gatazken prebentziorako eta konponketarako eredu dialogikoa” deritzon hezkuntza-jarduera arrakastatsua aplikatzen dugu. Eredu dialogikoak komunitate osoa inplikatzea eskatzen du hezkuntza-proiektuan, pertsona guztien arteko harremanak hobetzeko. Beraz, haurren arteko erlazioak ez ezik, bai haurren eta helduen arteko harremanak, baita helduen arteko harremanak ere hobetzea du helburu.

Zer egin dezake Gobernuak hezkuntza-hobekuntza horiek  bultzatzeko?

Hasteko, Gobernuak komunitate zientifikoari galdetu beharko lioke zein hezkuntza-ikerketak ematen dituen emaitzarik onenak. Eta, gainera, ikerketa horietatik abiatuz, kontrastatu eta frogatu diren ereduak eta proiektuak hedatzen lagundu beharko luke, emaitza onak eskuratzea bermatzen baitute. Laburbilduz, arduradun politikoek goi-mailako ikerlariekin hitz egin beharko lukete.

Eta zer egin beharko lukete unibertsitateek?

Unibertsitateek kasu arrakastatsuak aztertu beharko lituzkete, batez ere garatzen ari diren proiektuen inpaktua kontuan hartuz. Eredu dialogikoak biolentzia gutxitzen duela eta elkarbizitza hobetzen duela ikusten bada, horrek esan nahi du ereduak funtzionatu egiten duela. Datu nahikoak jaso dira, eta gure eskola horren adibide argia eta garbia da. Gure eskolan sartzen zarenean, gardena dela nabaritzen duzu, ikusten duzuna da dagoena. Beraz, unibertsitateak ikastetxeok bisitatzera etorri behar du, eta ikastetxe horietan lan egiten duten pertsonek unibertsitateko klaseetara joan behar dute beren bizipenak elkarbanatzera, ikasleek hezkuntza-praktika horien eragina jaso dezaten.

 

Hala ere, unibertsitatera bertaratzeko helburua ez da ikasleei azaltzea zer egin behar duten, baizik eta nabarmentzea hezitzaileok prestakuntza jaso behar dugula eta hausnarketarako espazioak izan, beste lankideekin eta komunitateko gainontzeko lagunekin gogoeta horiek partekatzeko, elkarrekin testu zientifikoak irakurtzeko…; nola gutxitu biolentzia eta zer funtzionatzen ari den aurkezten duten testu zientifikoak, hain zuzen ere. Horietan guztietan oinarrituta, gakoa da denon artean eztabaidatzea eta adostea zer eta nola egin behar dugun. Haurren hezkuntza hobetu egin behar da, biolentzia gutxituz eta elkarbizitza hobetuz.

Egilea: Beatriz Villarejo

Bea

Be the first to comment on "2018an, Kataluniako eskolarik onenak zientzia oinarri harturik saiehesten du biolentzia"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*