Bihar, maiatzak 17, ostadarraren koloreek hegaz egingo dute hainbat ikastetxetan, eta berdina gertatuko da ehun herri baino gehiagotan ere, bertan harrotasunez elkartuko baitira indarkeriaren eta LGTBI+ komunitateetako pertsonen diskriminazioaren kontra borrokatzeko.

LGTBI+  siglen atzean kolektibo eta errealitate anitzak azaltzen dira: emakume homosexualak (lesbianak), gizon homosexualak, transexualak, bisexualak, eta intersexualak. Talde zabalagoa izateko asmoz, “+“ ikurrarekin ateak zabalik uzten dizkiete sexu-genero fobiak  pairatu ditzaketen beste kolektiboei.

 

Homofobia eta transfobiaren kontrako eguna maiatzaren 17an ospatzen da,  1990 urteko egun hartan Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gaixotasunen zerrendatik kendu baitzuen homosexualitatea. Lorpen handi hura ospatzeko asmoz eta homofobiaren kontrako sentsibilizazioa lantzen jarraitzeko xedeaz, adostu zuten egun hori. Gainera, horrelako egun zehatz bat izateak  aukera eman zien Nazio Batuen Erakundean (NBE) proposamena aurkezteko eta homofobiaren kontrako egunaren onespena lortzeko. Harrezkero, erakunde publiko batzuek ere bat egin zuten, eta, gaur arte, gero eta atxikimendu gehiago lortzen ari dira hainbat herri eta instituziotan.

 

Lege-eskubideei dagokienez, LGTB+ kolektiboak askotariko egoerak bizi ditu munduan zehar eta horrek eragin handia du beraien eguneroko bizimoduan. Dena den, herri askotan, nahiz eta lege-berdintasuna lortua izan, errealitatea oso diskriminatzailea da eta ohikoa izaten da sexu-orientazioagatik edota sexu-identitateagatik biolentzia pairatzea, ikastetxeetan, kaleetan, kiroletan edo lantegietan.

 

LGTBI+ mugimendua euren eskubideen alde, etengabe, borrokatzen ari da. Lege egokiak aldarrikatzen eta gizarteari errespetua eskatzen dioten bitartean, hezkuntzarako hainbat material eta proposamen egiten ari dira, argi baitute  hezkuntzan dagoela gizartea aldatzeko aukera.

GALEk (Global Alliancefor LGTB+ Education) mapa bat argitaratu du Europako estatuak martxan jartzen ari diren LGTBI  diren ikasleen eskubideak islatuz.

Euskadiko Erkidegoan hainbat ikastetxetan, euren komunitateekin batera, jo eta ke ari dira lantzen aspalditik gaiari lotutako eduki asko, Hezkuntza Sailak sustatuta eta BERDINDU zerbitzuaren eta Arartekoaren laguntzarekin. Denek dituzten helburuak, laburbilduta, honako hauek dira: sexu aniztasunari eta norberaren identitateari errespetua lortzea, familien aniztasuna ikustaraztea eta LGTB+ fobiarik gabeko ikastetxe seguruak izatea.

Nahiz eta azken bolada honetan aurrerapauso handiak lortu diren, oraindik eskubide eta askatasuneranzko bidean lan gehiago egitea behar-beharrezkoa da,  eta, lan sistematikoa alde batera utzi gabe, maiatzaren 17a geletan eta ikastetxeetan ondo ospatzea aurrerapauso handia izan liteke.

Egilea: Isabel Mendizabal

IMG_-ua20bk