Eskola jazarpenaren kontra ausartak

Hamar irakasletik bederatzik uste dute funtsezkoa dela ikasle erasotzaileek biolentziarekiko duten begirada normalizatuaz jabetzea, egindako inkesta baten arabera. Indarkeriaren naturalizazioak eta taldearen presioak sustatzen dute gehien eskola-jazarpena.

Ikasleen aldetik, hirutik batek aitortzen du bere gelan eskola-jazarpena gertatzen dela eta gutxienez, beraien klaseetako bi ikaskidek jasan dituztela erasoak. Honez gain, 2.600 ikasleri egindako inkesta honek dioenez, taldeka egiten diren eraso kopurua handitu egin da aspaldi honetan: %66,7koa 2017an eta %55ekoa aurreko urtean. Inkestak ematen dituen emaitza positiboen artean azpimarratzekoa da ikasturte soil batean ikasleek jazarpenaren aurrean izandako pertzepzioaren aldaketa. Ballesterosek, ANAR fundazioaren programen arduradunak, adierazi duenez, erasotzaileengana hurbiltzea eta gelditzeko esatea gero eta ikasle gehiagori (%65,7tik %80,3ra) iruditzen zaio jazarpenarekin amaitzeko neurririk eraginkorrena. Irakasleei esatea, aldiz, ez dute hain eraginkor ikusten, eta gurasoak tartean sartzeaz, hirutik batek soilik pentsatzen du lagungarri izan daitekeela.

Arduradunaren ustez, aipatutako aldaketa honek lorpen handia suposatzen du eta horixe da hain zuzen, prebentzio programek duten gakorik garrantzitsuenetariko bat: lekukoen parte hartzea eta “salatariaren” estigmatizazioa ezabatu.

Euskadiren kasuan, ISEI-IVEIk bi urtean behin, jasotzen ditu datuak ikastetxeetan. 2016an argitaratutako datuen arabera aurreko txostenarekin konparatuz Lehen hezkuntzan tratu txarrak gutxi jaitsi dira (%21etik %19,7ra), baina DBHn, berriz, handitu egin dira (%14,6tik, %18,8ra).

Ikerketa hauetako datuak ez dira  zenbaki hutsak, horien atzean umeak, neska-mutilak, gazteak… pertsonak baitaude eta horiek pairatzen duten sufrimendua desagertarazi behar da. Ikastetxeetan tinko landu behar diren gakorik garrantzitsuenetarikoak hauek dira: indarkeriaren naturalizazioarekin bukatu behar da, isiltasunaren legea apurtu, elkartasuna bultzatu eta guztiok batera erasotzaileei aurre egin behar zaie.

Egilea: June Agirre

June_Agirre (1)

Be the first to comment on "Eskola jazarpenaren kontra ausartak"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*