Urtero bezala, hainbat ekitaldi egon dira Euskal Herrian ijito herriaren egun handia ospatzeko. Pasa den astean zehar ikastetxeetan hainbat ekimen antolatu dituzte ijito herriaren kultura ezagutarazteko.
1971ko apirilaren 8an egin zuten aurreneko aldiz Ijito Herriaren Nazioarteko Kongresua Londresen. Bertan, ijitoen bandera eta ereserkia izango zena aukeratu zituzten. Harrezkero egun horretan ospatzen dute Ijitoen Nazioarteko Eguna mundu zabalean.
1979tik Nazio Batuek lurralderik gabeko herri estatutua eman ziotenetik, hainbat herrialdetan zenbait aitortza egon dira. Azkena, Espainiako Ministro Kontseiluak apirilean egin berri duena: apirilaren 8an Ijito Herriaren nazioarteko egunarekin bat egin du eta, horrekin batera, haien banderari eta Gelem Gelem ereserkiari aitortza egin die.
Gure lurraldeetan 500 urte baino gehiago daraman herria etengabe ari da aurrerapausoak ematen azken hamarkadetan. Hor daude emakume ijitoen azken kongresua eta gelditu gabe sortu dituzten erakunde eta programak haien egoera hobetzeko eta haien kultura, mundu ikuskera eta ohiturak ezagutarazteko. Ezbairik gabe, nabarmentzekoa da hezkuntzaren alde egiten ari diren apustua, ijito erakundeen ustetan, euren herriaren etorkizuna horretan baitatza.
Hiru dira gure eremu hurbilean irakaskuntzan lanean aritzen diren erakundeak: Kale dor Kayiko, Gao lacho Drom eta AMUGE. Azpimarratu behar da erakunde horiek egiten ari diren lana ikastetxe eta familiekin, ikasle ijitoen eskola-emaitzak hobetzen laguntzeko xedez. Hezkuntzan murgilduta gaudenoi egiten dizkiguten eskakizunak garbiak dira: ikasle zein familiekiko espektatiba altuak izatea, familiekin harremanak sustatzea eta prestakuntza bideratzen laguntza ematea, ijitoen kultura ikusaraztea eta ikas-prozesuetan jarduera arrakastatsuak erabiltzea; horrela bermatuko da ikasle ijitoen eskola-arrakasta eta elkarbizitza aberatsa.
Egilea: Idoia Perez