Periódico Educaciónetik itzulita
Genero-indarkeriaren prebentzioa haurtzarotik
Azaroaren 25ean, errealitate bati buruzko datuak jartzen ditugu berriro mahai gainean: indarkeria ez da helduaroan hasten. Emakumeen aurkako indarkeria askotan haurtzaroan eta nerabezaroan hasten da; horregatik, prebentzioa ere adin horietan hasi behar da.
Nazioartean, UNICEFek 2024an argitaratu zituen haurtzaroko sexu-indarkeriari buruzko mundu mailako lehen estimazioak. Datuen arabera, 370 milioi neska eta emakumek baino gehiagok (8tik 1ek) bortxaketa edo sexu-erasoa jasan zuten 18 urte bete aurretik. «Kontakturik gabeko» sexu-indarkeriaren formak ere sartzen badira, hala nola onlineko edo hitzezko abusua, kopurua 650 milioira iristen da, hau da, 5etik 1era. Txosten berak adierazten du indarkeria horren zatirik handiena nerabezaroan gertatzen dela, eta 14 eta 17 urte bitartean nabarmen egiten duela gora.
Osasunaren Mundu Erakundeak The Lancet Child & Adolescent Health aldizkarian argitaratutako azterlan baten arabera, bikotekidea izan duten nerabeen artean, ia lautik batek (% 24) bikotekidearen aldetik indarkeria fisikoa edo sexuala jasango du 20 urte bete aurretik; eta ia seiren batek (% 16) azken urtean jasan du. Europan, Eurostat, FRA eta EIGE erakundeen genero-indarkeriari buruzko inkestak baieztatzen du Europar Batasuneko hiru emakumetik batek indarkeria fisikoa edo sexuala jasaten duela. Era berean, indarkeriaren gurpil bat sortzen dela ohartarazten du: haurtzaroan sexu-abusuak jasan zituzten emakumeek helduaroan sexu-indarkeria jasateko hiruzpalau aldiz aukera handiagoa dute.
Datu horiek erakusten dute prebentzioak ezin duela itxaron. Baina eraginkorra izan dadin, ezagutza zientifikoa pertsona guztiengana iritsi behar da, baita haur eta nerabeengana ere. Hori da FECYTen Hacia una comunicación inclusiva de la ciencia: reflexiones y acciones de éxito gidak proposatzen duena. Abiapuntuko ideia argia da: «zientzia nonahi dagoen arren, ez dago guztion eskura».
Tertulia feminista dialogikoak (TFD) zientzia eta haurtzaroko zein nerabezaroko ahotsak elkarrizketan jartzea lortzen duen jarduera dira. Tertulia horietan, neskek eta mutilek harreman afektibo-sexualei eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko testu zientifikoak irakurri eta eztabaidatzen dituzte, berdintasunezko elkarrizketa-baldintzetan.
Horregatik guztiagatik, datorren abenduaren 3an Valentziako Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak emakumeen aurkako indarkeriaren prebentziorako VII. Ikastetxeen arteko Jardunaldiak hartuko ditu, bigarren urtez jarraian. White Rose Research Center (UV) ikerketa-taldeak eta Grup de dones Sherezade taldeak antolatu dituzte, Valentziako Unibertsitateko Berdintasun Unitatearen laguntzarekin.
Hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako 300 ikasle inguruk hartuko dute parte. Jardunaldia «Desiraren hizkuntza eta indarkeria gainditzen duten interakzioak» izeneko hitzaldiarekin hasiko da. Garazi López de Aguileta doktoreak emango du, Wisconsin-Madison Unibertsitatean Hezkuntzan doktorea denak. Ondoren, ikasleek tertulia feminista dialogikoetan parte hartuko dute, egunkari honetan bertan argitaratutako «Las Vegasen gertatzen dena EZ da Las Vegasen geratzen» artikuluaren inguruan.
Azaroaren 25 honetan, ehunka neska-mutilen ahotsek gogorarazten digute zientzia haien eskura egon daitekeela eta egon behar duela, eta indarkeriarik gabeko haurtzaroa berdintasuna erakargarri egiten duten harremanetatik hasten dela.
Egilea: Sara Carbonell. Hezkuntzan doktorea. 23 urtez pedagogia terapeutikoko eta Lehen Hezkuntzako irakasle izan da, eta 8 urtez CEIP L’Escolaicako zuzendaria. Valentziako Unibertsitateko irakaslea.
