Periódico Educaciónetik itzulita

Gizateriaren historian zehar, gizakiok baieztapen unibertsalak bilatu izan ditugu eta bilatzen jarraituko dugu, bai arlo etikoan bai zientifikoan. Unibertsal etikoen artean daude arrazakeriarik eza, sexismoarik eza eta indarkeriarik eza; guztiak ere hezkuntzaren parte garrantzitsu dira. Unibertsal zientifikoen artean, berriz, badaude Lurra ez dela laua edo bi gehi bi, hamar oinarrian, 4 direla bezalako baieztapenak; hezkuntzaren parte diren baieztapen unibertsalak ere bai.

Badira estatistika ezagutu gabe erabiltzen duten pertsonak, eta lagin txiki batekin, %5etik gorako errorea duen laginarekin edo gaizki egindako lagin batekin baieztapen unibertsalak egiteko oinarrizko akatsa egiten dutenak. Baieztapen horiek beti dira okerrak. Errore kuantitatiboa %5etik gorakoa bada —edo txikiagoa izanik ere lagina gaizki aukeratuta badago (adibidez, populazio mota desberdinak ordezkatzen ez baditu)— ezin da inolako baieztapen unibertsalik egin.

Beste pertsona sasizientifiko batzuek diote zientifikoki unibertsalak diren baieztapenetara iristeko modu bakarra estatistikaren bidez dela. Ez dakite medikuntzako eta beste zientzia batzuetako ikerketa asko talde txikiekin edo oso testuinguru desberdinetako pertsonekin egindako erreplikazioetan oinarritzen direla. Horrela, Popperrek “ezeztapena” deitu zuen irizpidearen antzeko bati jarraitzen diote: diagnostiko batek pertsona talde bat sendatu badu, beste talde askotariko batzuetan probatzen da, eta guztietan antzeko emaitzak ematen baditu soilik jotzen da unibertsalki baliozko baieztapentzat, kontrakoa frogatu arte, hau da, ezeztatu arte.

Hezkuntzan, emaitzak hobetzen dituzten esku-hartzeak ez dira azterketa estatistikoen bidez lortzen, baizik eta esku-hartze horiek oso testuinguru desberdinetako eskoletan erreplikatuz. Egoera desberdin horietan berriz aplikatzean emaitzetan antzeko hobekuntzak lortzen badira, zientifikoki baliozkoa da baieztatzea esku-hartze horrek unibertsaltasun ezaugarri hori duela. Arrakasta duten hezkuntza-jardunak unibertsalak ez direla dioten zalantzak —munduko populazioaren lagin adierazgarriarekin egindako azterketa estatistikorik ez dagoela argudiatuta— estatistikaz edo zientziaz hitz egiten duten baina benetan ezagutzen ez dituztenek soilik egiten dituzte.

Irudia: Magnific

Egilea: Lidia Bordanoba