Joan den maiatzaren 9ko larunbata egun oso berezia izan zen mundu osoko Ikas Komunitateentzat, baina bereziki Euskal Herrikoentzat. Aurten, Ikas Komunitateen Nazioarteko Topaketa Donostiako Kursaalean ospatu zen, eta ehunka irakasle, familia, boluntario eta ebidentzia zientifikoetan eta gizarte-eraldaketan oinarritutako hezkuntzarekin konprometitutako pertsona bildu zituen.
Aurten Adarra Pedagogi Erakundeak antolatutako jardunaldiak berriro erakutsi zuen Ikas Komunitateen mugimendua urtez urte hazten ari dela, bai parte-hartzeari dagokionez, bai aurkeztutako hitzaldi eta esperientzien kalitateari dagokionez ere. Bertaratutako askok nabarmendu zuten topaketa honek mugarri bat markatu zuela.
Egun osoan zehar askotariko testuinguruetako esperientziak eta hitzaldiak izan ziren, tokikoak zein nazioartekoak. Guztiek elementu komun bat zuten: emaitzak. Arrakasta-esperientzien ebidentzia argiak aurkeztu ziren, erakutsiz Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen ezarpen zorrotzak ikaskuntzak hobetzen dituela, bizikidetza indartzen duela eta ikasleen aukerak biderkatzen dituela, haien testuinguru soziala edo kulturala edozein dela ere.
Saio guztietan behin eta berriz errepikatu zen ideia bera: Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak zorrotz aplikatzen direnean, nazioarteko ebidentzia zientifikoek adierazten duten bezala, emaitzak iristen dira. Oinarrizko ikaskuntzak hobetzen dira, bizikidetza hobetzen da eta hezkuntza-ingurune inklusiboagoak sortzen dira.




Esperientzien saioetako batean azaldu zen inguruko beste eskola batzuk ere Ikas Komunitateekiko interesa pizten hasten direla, lortzen dituzten eraldaketa sakonak ikusita. Emaitza akademikoen hobekuntza eta bizikidetza-giroaren indartzea ikusteak gero eta ikastetxe gehiago animatzen ditu bide hori egitera.
Gainera, ontasunez, egiaz eta edertasunez beteriko jardunaldia izan zen. Parte-hartzaileen begiradetan, pasabideetako elkarrizketetan eta Kursaaleko agertokietan partekatutako eraldaketa-istorio bakoitzean sumatzen zen hori. Hiru elementu horiek etengabe agertu ziren eskola eta komunitateen azalpenetan, erakutsiz beste hezkuntza bat posible dela, jada leku askotan errealitate dela.
Jardunaldiaren unerik aipagarrienetako bat amaieran iritsi zen, Lena de Bottonek azaldu zuenean Ikas Komunitateak goraka doan arrazakeriaren aurkako benetako txerto bihurtu direla. Gogorarazi zuen ikerketa eta esperientzia askok erakusten dutela posible dela hezkuntza-emaitzak hobetzea aldi berean eskola eta institutuetako ikasle migratzaileen ehunekoa handitzen denean, aurreiritziak eta diskurtso baztertzaileak praktikatik eta ebidentzietatik desmuntatuz.
Topaketa txalo zaparrada luze eta hunkigarri batekin amaitu zen, datorren urteko edizioa Reusen egingo dela iragarri ostean. Albiste horrek amaiera bikaina eman zion jardunaldi historiko bati, eta bertaratutako guztiengan benetan eraldatzailea izan den zerbaiten parte hartu izanaren sentsazioa utzi zuen.
Egilea: Aitor Galar

