Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen (HJA) bidez hezkuntza hobetzeko eta sarea sortzeko ilusioarekin, Nafarroako hainbat lagunek Solasaldi Pedagogiko Dialogikoen talde bat sortu dute. Taldeari Irati izena jarri diote, kideentzat esanahi berezia duen izena.
Astearte honetan ekimenaren aurkezpen-topaketa egin zen. Saioan hogei pertsona baino gehiago bildu ziren: Nafarroako hainbat ikastetxetako irakasleak, unibertsitateko irakasleak, unibertsitateko ikasleak eta senideak.
Saioa Esther Rocak, Valentziako unibertsitateko irakasleak, eskainitako hitzaldiarekin hasi zen. Estherrek HJAak testuinguruan kokatu zituen eta Valentziako Erraldoien sorbalden gainean mintegiaren esperientzia azaldu zuen, solasaldi pedagogiko dialogikoen bidez Valentziako hezkuntzan eraldaketa handia eragin duen ekimena.
Ondoren, Sergi Luquek hartu zuen hitza, eta azken urteotan bere eskolan lortutako hobekuntza nabarmenak aurkeztu zituen. Hobekuntza horiek irakasle talde zabal baten eta hezkuntza-komunitateko kideen lankidetza estuari esker lortu dira, HJAak zorroztasunez eginez.
Hitzaldien ondoren elkarrizketarako tartea ireki zen, eta parte-hartzaileen galdera eta ekarpenek topaketa aberastu zuten.
Saioaren amaieran, Nafarroako hezkuntza hobetzeko interesa duten guztiei Irati Solasaldi Pedagogiko Dialogikoen taldean parte hartzera gonbita egin zitzaien. Taldea hilean behin bilduko da, HJAekin lotutako testuak elkarrekin eztabaidatzeko.
Parte hartu edo informazio gehiago jaso nahi duenak honako helbide honetara idatz dezake: tpdirati@gmail.com
Egilea: Aitor Galar

