Biktimen alde egiten dela esatea eta norbere burua feminista gisa aurkeztea oso erraza da; hori koherentziaz erakustea, ordea, beste kontu bat da. Esparru mediatikoan, koherentzia falta hori bereziki larria da: nor publikoki seinalatu erabakitzen denean eta nor erabat bazterrean uzten denean.
Argiak, Espainiako Estatuko beste egunkari eta kazetari batzuen informazioetan eta “Oihana” izenpean sinatzen duen pertsona baten testigantza anonimoan oinarrituta, Ramón Flecha ekintza oso larriez akusatzen duten artikulu sorta bat argitaratu du. Ez dago, ordea, frogatutako deliturik. Dena akusazio anonimoetan oinarritzen da, eta ustezko biktima bakar batek ere ez du salaketarik jarri epaitegian. Hala eta guztiz ere, haren izena eta irudia behin eta berriz zabaldu dira, aldizkarien azaletan ere bai, Argiaren kasuan, eta beste prentsa-hedabide batzuetan. Etengabeko seinalamendu hori, epaitegietara iritsi ez den testigantza anonimo batean oinarritua eta inplikatutako beste ahotsekin kontrasterik egin gabea, oso kezkagarria da, eta nekez justifika daiteke kazetaritza-erantzukizunaren gutxieneko irizpideetatik.
Kontrastea are nabarmenagoa da Gipuzkoako udalerri batean duela gutxi zoritxarrez gertatutakoa kontuan hartzen bada: bortxaketa-saiakera bat, ustezko erasotzailea behin-behineko espetxealdian, lekukoak bertan eta martxan dagoen prozesu judiziala. Kasu honetan, ez dago Zigor Olabarriaren artikulurik, ezta Argiaren estaldurarik ere. Ez da inoren seinalamendu mediatikoa eskatzen, baizik eta informazio-irizpideetan dagoen ageriko aldea azaleratzea. Adibide bat besterik ez da, baina maiz errepikatzen den dinamika bat ere bada.
Eta horixe da, hain zuzen, haserrea saihestezina bihurtzen den unea. Sarri, sexu-abusuen kasurik larrienetan ere, hedabideek ez dituzte ustezko erasotzaileen izenak, datu pertsonalak edo irudiak argitaratzen. Zuhurtzia hori errugabetasun-presuntzioan eta oinarrizko eskubideen babesan oinarrituta justifikatzen da normalean. Kasu zehatz honetan, ordea, harrigarria den arren, zuhurtzia erabat desagertu egiten da. Ez dago izen-abizenekin egindako salaketarik, ez dago epaiketarik, baina seinalamendua etengabea, ikusgarria eta iraunkorra da. Ez al da bitxia?
Gainera, bada sistematikoki fokutik kanpo uzten den elementu bat. Badira seinalamendu hau mendeku-ekintza bat dela publikoki adierazi duten zenbait biktima. Hain zuzen ere, Ramón Flecha bera izan zelako haiei babesa eman, defendatu eta euren prozesuetan lagundu ziena. Pertsona horiek diote “Oihanak” (eta beste emakume batzuek) sostengatzen duten kontakizuna zuzenean gezurtatzen duten frogak dituztela, eta zenbait hedabidek zabaldu duten bertsio hori faltsua dela. Halaber, salatzen dute euren testigantzak baztertuak edo zuzenean isilaraziak izaten ari direla. Ahots horiek lekurik ez izateak, kontakizun bakarra zabaltzen den bitartean, gutxienez, zalantzan jarri beharko gintuzke.
Nire kasu pertsonalean, Victoria Bolaños kazetariaren mezu elektroniko bat jaso nuen elkarrizketa bat eskatuz. Nire testigantza argitaratu nahi zuenarekin bat ez zetorrela ikusi zuenean, erantzun zidan “lana zailtzen ari zitzaiola”, berriro nirekin harremanetan jarriko zela eta oporrak baino lehen egitea espero zuela. Zazpi hilabete igaro dira ordutik, eta ez dut deirik jaso. Une horretatik aurrera, sare sozialetan erasotzen hasi zen; nire lantokia publikoki aipatu eta unibertsitateari zein nire nagusiei azalpenak eskatu zizkien.
Zigor Olabarriak azken asteetan behin eta berriz babestu ditu Oihanaren testigantza anonimizatua eta Bolaños kazetariarena. Kazetari honek uztailetik aurrera aktiboki lagundu du inposatu nahi duen kontakizun-esparruan lekurik ez duten biktimak gutxiesten eta baztertzen.
Egoera honen aurrean, herritarrei gogoeta egiteko deia egin nahi diet, eta prentsan irakurri edo ikusten den lehen gauza zalantzan jar dezaten. Zoritxarrez, gutxi batzuk badira ere, hedabide eta pertsona batzuek egoera hauek baliatzen dituzte, hain zuzen ere, beren konpromiso feministagatik eta biktimen defentsagatik nabarmendu direnei erasotzeko.
Eta tristeena da, benetako eraso bat gertatzen denean —gertukoa eta mingarria denean—, askotan isiltasun soziala nagusitzen dela: ez da jokatzen, ez da laguntzen, ez da kolektiboki salatzen. Aitzitik, frogarik eta salaketarik ez dagoenean, zirku mediatiko bat sortzen da, zarata, kaltea eta mesfidantza besterik eragiten ez dituena. Pentsatzea, zalantzan jartzea eta beste aldera ez begiratzea ere herritarren erantzukizuna da.
Argazkia: Unsplash
Egilea: Ane Olabarria

