Lehen Hezkuntzako irakasle gisa gehien hunkitu nauena beti izan da ikustea nola, Zero Indarkeria Ausarten Kluba dela eta, klase bateko harremanak aldatzen diren. Portaera bortitzak normalizatzeari uztean, haiei aurre eginez eta benetako adiskidetasunak sustatuz, elkartasun giroa sortzen da, eta ikasle askok giro hori parkera edo patiora ere eramaten dute.

Ikusten nituenean patioan nire ikasleak pozik eta gogoz jolasetan edo hizketan, gelara itzultzean aprobetxatzen nuen esateko zenbat gustatu zitzaidan benetako lagunekin hain ondo pasatzen ikustea. Haiek kontatzen zidaten ez zutela horrela bakarrik eskolan gozatzen; harremantzeko era horrek arratsaldean egiten zituzten planak ere eraldatzen zituela.

Horregatik, zenbaitetan, harreman berdinzale horiez gehien gozatzen zutenak erasotuak izaten ziren klaseko edo beste gelako ume baten aldetik; haiek zoriontsu ikusita, giro erakargarri eta atsegin batean, hurbiltzen zen dena izorratzeko: berokia kentzen zien, irainak esaten zizkien… Umeei lasaitasuna ematen zien taldean beti bazela ausart jokatzen zuen norbait haien alde egiten zuena, baina amorru handia ematen zien inori ezer egin gabe hizketan edo jolasean ari zirenean erasotzen zietelako.

Patiotik bueltan halako egoeraren bat gertatu zela kontatzen zidatenean, aprobetxatzen nuen erasotzaileari modu baketsuan aurre egin zioten ume ausarten jarrera desiragarri bihurtzeko. Eta metafora bat erabiltzen nuen gertatzen zena ulertzen laguntzeko. Esaten nien badaudela pertsonak, bizilagunek zaindutako kale batetik igarotzean —paretak kolorez margotuta eta balkoiak lorez beteta dituena—, pentsatzen duten lehenengo gauza edertasun hori suntsitzea dela: loreak hartzen dituzte eta dena zikintzen dute. Horixe egiten dute pertsona batzuek harreman ederrak eta erakargarriak ikusten dituztenean.

Denek entzuten zuten isilik, oso kontziente zirelako hori bera gertatzen zela: badaudela besteen harreman ederrak eta berdinzaleak jasaten ez dituztenak eta, berenak hobetzen saiatu beharrean, besteenak hondatzen saiatzen direnak. Esaten nien hau ez dela umeen artean bakarrik gertatzen; jakin behar dutela helduen artean ere gertatzen dela.

Izatez, haiek jolastokian ikusten zuten mekanismo bera modu zabalagoan errepikatzen da eraldaketa polit eta sakonenak lortzen dituzten eskoletan. Paradoxikoki, eskola horiek bihurtzen dira aurrerapen hori jasaten ez dutenen jomuga. Zenbat eta politagoa eta sakonagoa izan eskola baten eraldaketa, orduan eta gehiago erasotzen dute. Izan ere, erasotzaileek ez dute asebetetzerik aurkitzen haurrek gehiago ikasten dutenean eta ondo tratatzen direnean; alderantziz, dena suntsitzea gustatzen zaie.

Nire gelako umeek —eskola horietako irakasle eta familia ausartek bezala— oso argi zuten zer egin: gaiztakeriaren aurrean, ausardia; eta zarataren aurrean, ontasunaren eta edertasunaren defentsa. Jarrera hau duten pertsonek asko hobetzen dute beren bizitza eta beren erakargarritasuna. Lesboseko Saphok esan zuen bezala: “Ederra dena ona da, eta ona dena, baita, eder bihurtuko da.”

Egilea: Aitor Galar

Loading