Periódico Educación-etik itzulita
Gezurra biktimak defendatzera ausartzen diren pertsonen aurkako errepresalia gisa
Ikasgela batean Zero Indarkeria Ausarten Kluba (0IAK) martxan jartzen denean, haurrek jakin behar dute biktima bat defendatzen dutenean, erasotzaileak eraso egingo diela. Beti da horrela, eta berehala egiaztatzen dute. Nahiz eta 0IAK-k indarra hartzen duenean (eta gero eta jende gehiagok biktimak defendatzera batzen denean) eraso horiek asko murrizten diren, hasieran erasoak oso larriak izan daitezke. Erasotzaileak biktima isolatuta utzi nahi du, eta ezin du jasan inork defendatzea. Horregatik, hasieran, pertsona gutxi batzuk baino ez dira ausartzen isiltasuna hautsi eta biktimak defendatzera.
Defendatzen duten haurrek jasaten dituzten erasoak askotarikoak dira: mespretxuak, kolpeak, irainak… eta gezurrak. Gaizki tratatzen duen pertsonak ikusten duenean pertsona batzuek ez diotela utziko bere biktimei erasotzen, gezurra esaten du gertakariei buruz eta beste pertsonei buruz. Baldin eta A-k B defendatzen badu eraso baten aurrean, erasotzaileak lehenengo esango du ez dela egia. Geroago, A-ri buruzko gauzak asmatuko ditu. Adibidez, A erasotzailearengandik hurbil pasatzen den egoera batean, ukitu ere egin gabe, erasotzailea irakaslearengana joango da A-k jo egin duela esatera. Gezur horren helburuak bi dira: (1) A-ri buruz difamatzea eta zalantza sortzea, eta (2) B babesik gabe uztea.
Hau adibide bat baino ez da, baina 0IAK Lehen Hezkuntzako ikasgelatan inplementatu dudan 5 urteetan mota guztietako gezurrak aurkitu ditut. Horregatik, 0IAK martxan jartzen dugunean, garrantzitsua da argitzea pertsona ausartek beti defendatzen dutela egia. Gaizki tratatzen duten pertsonei uzten badiegu zabaltzen beren biktimei zein hauek defendatzen dituzten pertsonei mina egiten dieten gezurrak, inoiz ez dugu lortuko jokabide horiek etetea, ez eskoletan, ez inon.
Ausardiaz eta jarrera irmoz bakarrik amaituko dugu indarkeria mota guztiekin, nahiz eta jakin jarrera horrek gaizki tratatzera ohituta dauden pertsonen erasoak, difamazioak eta gezurrak pairatzea dakarrela. Errepresaliak oso gogorrak izan arren, pertsona ausartek laster ikusten dute merezi duela egia defendatzea; izan ere, emaitza indarkeriarik gabeko testuinguru bat da, non pertsona bakoitzaren onena loratzen den.
Egilea: Aitor Galar
